Gizartea -
Kanpaina
Gripearen aurkako txertoak ematen hasi dira
Gripearen birusa aurreko urteetakoaren oso antzekoa izango da. Iaz 65 urtetik gorakoen % 60k eta emakume haurdunen % 22k hartu zuten txertoa, 2013an baino lau aldiz gehiago.
Agentziak | Erredakzioa
Gripearen kontrako 380.000 txerto banatzen hasi da Osakidetza. Aurtengo kanpainak 1,2 milioi euroko kostua izango du, 3,15 eurokoa txerto bakoitzeko.
Kanpaina ostegunean aurkeztu zuen Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta azaroaren 30era arte iraungo du. Estatuan gripearen kontrako txertaketa hasi duen lehen erkidegoa izan da EAE.
Gripearen birusa aurreko urteetakoaren oso antzekoa izango dela iragarri zuen Darponek iragan astean. Horrela, txertoak A motako bi andui eta B motako beste bat izango ditu.
Iaz 65 urtetik gorakoen % 60k eta emakume haurdunen % 22k jaso zuten txertoa, 2013an baino lau aldiz gehiago.
Txertaketa-kanpainaren aurkezpena. Argazkia: EFE
Osasun sailburuak mezu argia eman nahi izan zion euskal gizarteari kanpaina aurkezteko ekitaldian: "Oso garrantzitsua da gripearen kontrako txertoa hartzea. Txerto segurua eta eraginkorra da, eta gaixotasun larri horri aurre egiteko gaur egun dugun prebentzio tresna nagusia da".
Sailburuak iragarri zuenez, aurtengo kanpaina ere 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun dauden emakumeei eta osasun langileei dago zuzenduta.
Osasun sisteman arreta handia eskaini behar izaten zaio urtero gripeari, eta arazo larriak eragiten dizkie ahul dauden pertsonei; izan ere, kasu batzuetan hil ere egiten du.
Darponen arabera, iaz gripeak jota larri ospitaleratu zituzten hamar lagunetik lauk ez zuten txertoa hartuta, eta "ziurrenik, jarri izan balute, askok saihestu egingo zituzketen ospitaleratzea eragin zuten arazoak".
Aurreko gripe denboraldian, gaixotasunen batek eragindako arazoak zituzten 17 pertsona hil ziren ospitalean; horien % 35ek ez zuten txertoa jarri.
Datu horiek agerian uzten dute prebentzioaren garrantzia, eta, txertoa jartzearen garrantziaz gain, Osakidetzak azpimarratu du higiene ohiturak zaindu behar direla; besteak beste, eskuak askotan garbitzea eta behin bakarrik erabiltzen diren mukizapiak erabiltzea aholkatu du.
Gripearen kontrako txertoak gaixotasuna % 100ean saihesten ez badu ere, sintomak gutxitu egiten ditu, neurri handi batean. Hau da, txertoak infekzioa galarazten du kasu askotan, eta gaixotasunaren larritasuna murrizten du gainerakoetan.