Gizartea -
Madril
Ospitale batek lesbiana bat diskriminatu du ugalketa lagunduan
Epaile batek ospitalea eta Madrilgo Erkidegoa zigortu ditu. Ministerioaren agindu baten arabera, ugalketa lagundua jaso ahal izateko "12 hilabetez praktikatu behar da bagina bidezko koitoa".
agentziak | erredakzioa
Madrilgo Lan-arloko 18. zenbakiko Auzitegiko epaileak Jimenez Diaz Fundazioa ospitalea eta Madrilgo Osasun Kontseilaritza zigortu ditu lesbiana bat ugalketa lagunduaren bidez tratamendua jasotzeko pazienteen zerrendan diskriminatzea leporatuta, eta bost mila euroko kalte-ordaina eman beharko diote.
Epailearen ebazpenean agertzen denez, diskriminatutako emakumea beste emakume batekin dago ezkonduta, Gizarte Segurantzan alta emanda, eta Jimenez Diaz Fundazioak ugalketa lagundua eskaintzen du, Madrilgo Osasun Zerbitzuarekin dituen itunaren arabera.
Diskriminazioaren funtsean Ministerioaren agindu bat dago; izan ere, agindu horren arabera, ugalketa lagundua eskuratzeko "12 hilabetez praktikatu behar da bagina bidezko koitoa", haurdun geratzen saiatzeko, baina biktimak ezin du baldintza hori bete, emakume batekin dagoelako ezkonduta.
Epaileak ebazpenean jasotakoaren arabera, ugalketa lagundurako teknikei buruzko legeak zerbitzu hori jasotzeko eskubidea aitortzen die emakume guztiei, sexu aukera kontuan izan gabe, eta maila baxuagoko arauek (Ministerioaren agindua) ezin dute eskubide hori galarazi.
Helegitea
Ospitaleak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, helegitea jarri du ebazpenaren kontra, zentroak "hasiera batean" soilik ezarri zuelako Ministerioaren agindua, gero ugalketa lagundurako prozesua martxan jarri baitzuen berriro.
Jimenez Diaz Fundazioak azpimarratu du ez zela ospitalearen nahia izan "sexu joeragatik pertsona hori diskriminatzea".