Gizartea -
Lehen Kalimotxo Lehiaketa
Kalimotxoa, kalitatezko koktel bilakatu nahian
Juan Fernando Valencia barmanak irabazi du Bizkaiko Lehen Kalimotxo Lehiaketa. AEBn, adibidez, gero eta kalimotxo gehiago edaten dute.
G.P. | EITB.EUS
Kalimotxoa gero eta arrakasta gehiago lortzen ari bada Ameriketako Estatu Batuak edo India bezalako herrietan, zergatik ez Euskal Herrian? Galdera hori egin dute Bizkaiko Barmen Elkartean eta gaur Bizkaiko Lehen Kalimotxo Lehiaketa ospatu dute, Bilbon. Juan Fernando Valencia Luque barmana izan da irabazlea.
"The New York Times egunkariak kalimotxoa goraipatuz erreportaje bat argitaratu zuenetik, edari hori gero eta gehiago kontsumitzen dute AEBn, eta, dagoeneko kalimotxoa botiletan saltzen ari dira, 'Motxo' markapean", azaldu du Fran Ceacero Bizkaiko Barmen Elkarteko presidenteak.
"Nire iritzian, plastikozko edalontzietan zerbitzatutako kalimotxoaren klixearekin hausteko unea da; edari horretan sinetsi behar dugu eta merezi duen duintasuna eman", erantsi du.
Ildo horretan, Ceacerok gogora ekarri du gin-tonika, adibidez, adineko pertsonek soilik hartzen zutela iraganean, "baina denborarekin modan jarri zen eta gazteak ere koktel hori edaten hasi ziren, eta gaur hainbat ginebra eta tonika marka existitzen dira munduan".
Saridunak
Lehen Kalimotxo Lehiaketaz gain, Juan Fernando Valencia barmanak 28 urtez azpiko bermut txapelketa ere irabazi du. Hortaz, Bizkaiko barman gazte onena izendatu dute.
Bizkaiko XXIX. Koktel Lehiaketaren baitan beste bi norgehiagoka ere izan dira, 28 urtetik gorako parte-hartzaileei zuzenduta.
Gin-tonic onenaren saria, Jose Ramon Gonzalez barmanak eskuratu du; Bizkaiko txakolinarekin egindako koktelik onena, berriz, Jone Bakartxo Loizagarena izan da. Bi lehiaketetako puntuak zenbatuta, Jone Bakartxo Loizaga izan da Bizkaiko txapelduna.
Epaimahaia ondoko lagunek osatu dute: Ercilla hoteleko zuzendariak, Igor Cubillo gastronomia kazetariak eta Alvara Bardado eta Juan Valls barmanak.
Sheila, bere kalimotxo koktela eskuan duela. Argazkia: Bihotza Arostegi
"Kalimotxo koktel on bat egiteko gakoak maitasunez aritzea eta ardo on asko edan izana dira", azpimarratu du Sheilak, parte-hartzaileetako batek. Kalimotxo koktela egiteko lima eta mendafina bezalako osagaiak erabili ditu, "zapore ezberdina emateko".