Gizartea -

Gertakaria

Bi lagun atxilotu marihuana osten ari zitzaienei tiro egiteagatik

Gertaera Ziortzan jazo zen, eta lapurreta egin zuten bi gazteak ere atxilotu dituzte. Horietako bat 23 aldiz atxilotu dute aurretik.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

62 eta 56 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak, euren berotegi batean marihuana landareak lapurtzen ari zitzaizkien bi gazte ikusi eta gero, airera tiro egiteagatik eskopeta batekin. Gazteak (25 eta 28 urtekoak) ez ziren zauritu, eta Ertzaintzak atxilotu egin ditu, lapurreta egitea leporatuta.

Gertaera Ziortzan (Bizkaia) jazo zen atzo, asteartean, 13:15ean. Ordu horretan, gazte batek Ertzaintzari deitu zion, beste bi pertsonak hari eta bere lagun bati suzko arma batekin tiro egin zietela ohartarazteko. Gainera, kalteak eragin zizkioten ibilgailuan.

Agenteek gertuko berotegi batean aurkitu zituzten 17 marihuana landareen jabeak. Horietako batek ertzainei azaldu zien bi gazteak bere landareak lapurtzen harrapatu zituela, eta kargu hartu ostean, aurre egin ziotela. Orduan, beste gizon bati laguntza eskatu zion, eta airera tiro egin zuten. Bestalde, beisboleko bate batekin kalteak eragin zituzten gaztearen furgonetan.

Ertzainek hiru arma (eskopeta bat eta bi karabina) konfiskatu, eta eraso saiakera egitea eta osasun publikoaren kontrako delitua egotzi diete negutegiaren jabeari eta lagunari. Bi gazteei, berriz, lapurreta delitua leporatu diete. Gazte horietako bat 23 aldiz atxilotu dute aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak