Gizartea -
Plastic Operazioa
11 lagun atxilotu dituzte, Gizarte Segurantzari iruzur egitea egotzita
Horietako sei Nafarroan atzeman dituzte, hiru Bilbon, beste bat Irunen eta azkena Santanderren, guztiak Plastic operazioaren barruan.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Poliziaren Buruzagitza nagusiak bukatutzat jo du Plastic operazioa, hamaika lagun atxilotu ondoren, Gizarte Segurantzari iruzur egitea leporatuta. Atxilotutakoetatik sei Nafarroan atzeman dituzte, hiru Bilbon, beste bat Irunen eta azkena Santanderren.
Operazio horren bidez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari egindako 185.403 euroko iruzurra plazaratu da, ordaindu gabeko kuotengatik; Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ere beste 56.425 euroko iruzurra egin zaio, ustezko langileek langabezia era bidegabean kobratzeagatik.
Duela hilabete batzuk Nafarroako laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzailetzak Polizia Nazionalari txosten bat igorri zion Aranon (Nafarroa) zegoen enpresa bati buruz. Enpresa horrek antzinako garagardo-fabrika baten instalazioak betetzen zituen, eta bere jarduerak basogintzara eta egurra ustiatzera bideratzen zituela itxura egiten zuen.
Ustezko enpresa-gizonek instalazioak erostea adostu zuten jabeekin 2010ean, baina ez zuten ordainketa inoiz egin; ondorioz, saltzaileek auzitara eraman zuten egoera hori.
Hortik aurrera, atxilotuek enpresa-sare bat sortu zuten, merkataritza-jarduerak ezkutatzeko asmoz. Gainera, zerrategi bati dagozkion gailuak erosi zituzten txatarran eta pabilioietako batean jarri, zur-industriako jarduerak egiten zituztela emateko.
Aitzitik, 2010etik aurrera eta gaur egunera arte taldeko enpresek ez dute inolako jarduera komertzialik gauzatu; aldiz, langile ugari eman dute altan Gizarte Segurantzan, eta ezin izan da egiaztatu horien soldatak eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordaindu direnik. Halaber, ezin izan da egiaztatu ere Ogasunari inolako zergarik ordaindu diotenik.