Gizartea -
Boxeo borrokaldia Bilbon
Istiluak Bilbon, boxeo borroka bateko gehiegizko edukiera gaindituta
Borroka ikusteko sarrera zuten 197 lagun gelditu ziren kanpoan. Segurtasun Sailak akta ireki du sarrerak faltsutu ziren edota antolatzaileek sarrera gehiegi saldu zituzten argitzeko.
ERREDAKZIOA | ETB
Atzo gauean istiluak izan ziren Bilboko La Casilla pabiloiaren kanpoaldean, barrura sartu ezinda geratu zirenek eraginda. Kerma Lejarragaren eta Javi Garcia Rocheren arteko borroka izan zen atzo Bilbon, baina borroka bertatik bertara ikusteko sarrera zuten 197 lagun kanpoan gelditu ziren behin La Casillaren gehienezko edukiera -4.050 pertsona- gainditu eta bertako ateak itxi ondoren.
La Casillaren edukiera betetakoan ateak ixteko agindu zion Bilboko Udalak antolakuntzari eta, minutu batzuk geroago, kanpoan gelditu zirenek beren haserrea agertu zuten. Antza denez, sarrera gehiegi saldu zituzten, horietako asko antza faltsifikatuta.
Oraingoz, MMA Masters borrokaren antolatzaileak ohar bat kaleratu du haren Facebook orrian. Antolakuntzak bere gain hartu du sarrera faltsuak ez atzeman izanaren ardura, ez ordea ikusleak kanpoan utzi izana. Are gehiago, Casillako arduradunen erabakia izan zela azpimarratu dute antolatzaileek.
MMA Mastersen esanetan, guztira 197 lagun gelditu ziren kanpoan eta atzo bertan datuak hartu zizkien kaltedunei dirua itzuli ahal izateko.
Bestalde, Segurtasun Sailak akta ikerketa zabaldu du benetan sarrerak faltsifikatu ziren ala MMA Masters enpresa antolatzaileak behar baino gehiago saldu zituen argitzeko.