Gizartea -

Nafarroa

Legasako krimena aitak egin zuela ondorioztatu du epaileak

Aitak semeari kolpeak eman zizkion eta, ondoren, Legasan, 45 metro sakoneko leize batera bota zuen, epailearen arabera.

Iñaki Indart gaztea. EiTB
Iñaki Indart gaztea. EiTB
Legasako krimena aitak egin zuela ondorioztatu du epaileak

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2008an Iñaki Indart Ariztegi Gazteluko gaztea hil zuena aita, Jose Antonio Indart Sarretea, izan zela "argi" dagoela ebatzi du Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak.

Hain zuzen ere, aitak semeari kolpeak eman zizkiola eta, ondoren, Legasan, 45 metro sakoneko leize batera bota zuela ondorioztatu du epaileak. Gaztea oraindik ere "bizirik" zegoen haitzulora bota zuenean.

Gaur kaleratutako auto batean, epaileak homizidioa egotzi dio akusatuari, eta aldeak hilaren 19rako deitu ditu, inputazioak zehazteko.

Epaileak azaldu duenez, 2008ko martxoaren 8an, Iñaki Indartek lagunekin afaldu zuen Santestebanen, 03:00ak arte. Ordu horretan, etxera joatea erabaki zuen, hurrengo egunean bokal ordezkoa izan behar baitzuen hauteskunde mahai batean.

03:15ean, Udaltzaingoaren patruila batek geldiarazi egin zuen, gidatzeko baimenik gabe zirkulatzen ari zelako. Aldez aurretik, baina, gaztea ihes egiten saiatu zen, eta, ihesaldian, bi gurpil lehertu zitzaizkion.

Ondoren, poliziek alkoholemia proba egin zioten, eta turismoa garabi batek eraman behar izan zuen. Hori dela eta, Foruzaingoak autoz eraman zuen Iñaki Indart Legasara, 06:15ean, eta, handik, gaztea oinez joan zen etxera.

Bidean, baina, Jose Antonio Indart aitarekin egin zuen topo, eta hori "haserretu" egin zen gertatutakoa jakin zuenean. Ondorioz, "hainbat kolpe" eman zizkion "buruan", "lesio larriak" eraginda.

Horren ostean, Legarrako haitzulora eraman zuen, eta barrura bota zuen, oraindik ere "bizirik" bazegoen ere.

Iñaki Indarten gorpua 2014ko abenduaren 23an topatu zuen Satorrak espeleologia taldeak, eta abenduaren 26an berreskuratu zuten.

Epailearen arabera, aitak "tratu txarrak" eman ohi zizkion semeari, eta "ohikoak" ziren kolpeak, oihuak, irainak eta umilazioak. Gizonezkoa "erraz" haserretzen dela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak