Gizartea -

Bizkaia

Gidari mozkor bat atxilotu dute, ihesaldi arriskutsua egin ostean

Santurtzi eta Muskiz artean joan zen ertzainengandik ihesi, eta semaforoak gorriz pasatu zituen eta kontrako noranzkoan joan zen tarte batzuetan.

eITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehen goizaldean Muskizen, mozkor, kontrako noranzkoan eta gainerako gidariak arriskuan jarrita gidatzeagatik. Gainera, polizia-auto bat jo zuen, atxilotu ez zezaten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, gertakariak astelehen gauerdian jazo ziren, Santurtzin. Bizkaiko herri horretako Udaltzaingoaren agenteek gidari bat ikusi zuten parketik gertu, atzera egiten eta ondo aparkatuta zeuden bi auto jotzen. Segidan, ihesari eman zion, abiadura handian eta polizien aginduei jaramonik egin gabe.

Bi ibilgailu haiei egindako kalteak ikusi ondoren, udaltzainak gidariaren atzetik joan ziren. Ihesaldian, gidariak arau-hauste larriak egin zituen: argia gorri zuten semaforo batzuetan ez zen gelditu, sigi-saga joan zen (beste gidari batzuek baztertu egin behar izan zuten talka ez egiteko) eta kontrako noranzkoan ibili zen tarte batzuetan. Muskizeraino joan ziren Santurtziko udaltzainak haren atzetik, eta Muskizko Udaltzaingoaren patruila bat eta Ertzaintzaren beste bat batu zitzaizkien bertan.

Bidea ixten saiatu zitzaion polizia-auto bat jo zuen iheslariak, eta, azkenean, jazarpenean batu zitzaien Ertzaintzaren beste patruila batek geldiarazi zuen autoa Muskizko kale batean. Gidaria albo-alboka jaitsi zen autotik, alkohol usain nabarmena zuela eta agenteen aginduei kasurik egin gabe. Alkoholemia-proba eginda, gehienezko alkohol-tasa hirukoiztu egin zuen.

Horren aurrean, atxilotu egin zuten, bideko segurtasunaren kontrako delitua egotzita, mozkor gidatzeagatik, eta ausarkeriaz gidatzeagatik, beste erabiltzaileen bizitza arriskuan jartzeagatik. Halaber, agintaritzaren agenteen kontrako delitua ere egotzi zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Santurtzi Muskiz albisteak