Gizartea -
22 salaketa Euskadin
Interneten sexu-estortsioa areagotzen ari dela ohartarazi dute
Nahiz eta delitu berria ez izan, Ertzaintzak 22 salaketa jaso ditu orotara Euskadin azken hiletan, erdiak Bilbon. 22 salaketa horietako hamaika irailean jaso ziren.
E. L. | eitb.eus
Ertzaintzak ohartarazi duenez, azken hilabeteetan gora egin du biktimaren irudi sexualak zabaltzeko mehatxupean Internet bidez egin diren estortsioen kopuruak.
Biktimaren irudi sexualak zabaltzeko mehatxupean, dirua eskatzen dute gaizkileek, Segurtasun Sailak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera. Delitugileak 20 eta 30 urte bitarteko gizon-emakumeak izan ohi ditu jomugan, gehienbat. Sare sozialetan ezezagunekin harremanetan jartzerakoan, aurrez neurriak hartzeko gomendatu du Ertzaintzak.
Nahiz eta delitu berria ez izan, Ertzaintzak 22 salaketa jaso ditu orotara azken hilabeteotan, bitik bat Bilbon. Salatutako 22 estortsio horietako hamaika irailean jaso ziren.
Lagun izateko eskaera batekin hasten da
Delitua hasi, biktimak sare sozialen batean ezezagun baten lagun izateko eskaera onartzen duenean hasten da. Biktimaren konfiantza lortu eta haren kontaktu-zerrenda eskuratu ondoren, harremanak aurrera egiten du, bideoen bidez edo Skype bidez komunikatu arte.
Estortsiogileen aldetik, biktima biluzteko edo jarduera sexual bat edo beste egiteko konbentzitzen duen emakume bat agertzen da.
Irudi horiek lortutakoan, baina, 1.000-2.000 euro eskatzen dizkiote biktimari, irudiok ez argitaratzearen truke. Estortsiogileek grabazioaren zati batzuk erakusten dizkiote biktimari, eta, zenbaitetan, biktimaren lagunen artean zabaldu izan dituzte.
Boli Kosta eta Maroko
Ertzaintzaren esanetan, besteak beste, Boli Kostan eta Marokon egon ohi dira delitugileek erabilitako zerbitzari informatikoak, baina horrek ez du esan nahi estortsiogileak, nahitaez, herrialde horietan daudenik.