Gizartea -
Baztan Ikastola
Nafarroa Oinez Elizondora itzuliko da igandean, 32 urte geroago
Euskarari bultzada emateaz gain, aurtengo Nafarroa Oinezek dirua biltzeko helburu ekonomikoa du, Baztan Ikastolaren bi eraikinak berritzeko lanak egin ahal izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako ikastolen festarako guztia prest du Baztan Ikastolak. Igandean, 32 urte geroago, Elizondora itzuliko da ikastolen jaia. "Hama...bortz, ama...bat" lelopean, milaka euskaltzale bildu nahi ditu festak bertan. Baztan osatzen duten 15 herriak eta euskara batzen ditu horrela leloak, ?guztiak batera, euskararen alde lanean?.
Mikel Belasko Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) presidenteordeak, Iosune Ortega Baztan Ikastolako zuzendariak eta Jaime Viguria Egitarauko Batzordearen arduradunak prentsaurrekoa eman dute gaur, Iruñean.
Lau eremu: Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza
Aurten 5,8 kilometroko luzera du ibilbideak, eta lau gune izango ditu Lekarozen, Elizondon eta Elbeten sakabanatuta: Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza.
Ekitaldi aipagarrienen artean, besteak beste, Zea Maysen eta Ohian Vegaren kontzertuak, eta Kalakan edo Los Zopilotes Txirriaosen emanaldiak nabarmendu daitezke.
Gainera, Ikasbira jokoaren bidez euskaltzaleek ibilbidea betetzea nahi dute antolatzaileek. Festa modu osasungarrian sustatzeko kirol ezberdinak uztartuko ditu jokoak. ?Guk Euskaraz? ekimenean, ?euskaraz sekula abestu duen abesbatzarik handiena? zuzenduko du Urko abeslariak. Bestalde, Baztan ikastolako bederatzi irakasleri omenaldia egingo diete.
Hobekuntzak eraikinetan
Euskarari bultzada emateaz gain, aurtengo Nafarroa Oinezek dirua biltzea du helburu nagusi, Baztan Ikastolaren bi eraikinak berritzeko lanak egin ahal izateko. Haur Eskolako eta Lehen Hezkuntzako eraikinetan hobekuntzak egin nahi dituzte.
Baztan Ikastolak antolatzen duen bigarren Nafarroa Oinez izango da honakoa; izan ere, 1982an ere hartu zuen. Zentroak 45 urte bete ditu aurten.