Gizartea -
Heriotza
Adrian Zelaia Ibarra hil da
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Euskadiko legelari guztien erreferentea zen. 98 urterekin hil da.
O.A. | EITB.EUS
Adrian Zelaia Ibarra legelari eta katedratikoa hil da igande honetan (98 urte), askorentzat euskal zuzenbide zibilaren aita zena. Epaile, irakasle eta ikerlari izandakoa, zuzenbidearen alorrean eta herrigintzaren alde lan asko egindako gizona zen.
1917an Barakaldon jaioa, Sestaon hazi eta urte luzez Bilbon bizi izan zen.
Zuzenbide foralean aditua, Madrilgo Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kidea izan zen bost urtez eta baita Zuzenbidearen Euskal Akademiako presidentea ere. Halaber, Bizkaiko eta Euskadiko zuzenbide zibilaren bultzatzailea izan zen eta haren lana ere ezinbestekoa izan zen Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusia osatzerakoan.
Bestalde, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen.
Foru Zuzenbideko katedraduna zen eta irakasle gisa ere aritu zen 1951. urtetik 1985. urtera Deustuko Zuzenbide fakultatean. Halaber, euskal zuzenbideari buruzko lehendabiziko gida idatzi zuen.
Hizkuntzarekiko kezkak ere bazituen eta euskararekiko atxikimenduak eraman zuen 1967an Euskarazaleak bazkuna sortzera.
Zelaiaren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da Bilboko Frantzisko Asiskoa Deunaren elizan.
Zuzenbide alorreko 'erreferentea' zen, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren esanetan, Adrian Zelaia erreferente bat zen Euskadiko legelari guztientzat, bereziki, Zuzenbide alorrean zuen ezagutzagatik eta baita haren gizatasunagatik eta adosteko zuengaitasunagatik.
Haren Facebook profilean argitaratutako sarreran, erakunde zibilen inguruko akordioa bultzatzeko ei zuen gaitasuna nabarmendu du Erkorekak.
Halaber, alor ezberdinetan aritu izana ere aitortu dio, hala nola, epaile, irakasle, Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bokal eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako presidente izan zen.
Bestalde, Erkorekak nabarmendu du siglen gainetik euskal zuzenbide zibilaren inguruko adostasuna bultzatzen jakin izan zuela.