Gizartea -

NAFARROA OINEZ 2015

Urkok 'Guk euskaraz' kantatzen jarri nahi ditu milaka lagun Elizondon

'Guk euskaraz... zuk zergatik ez?' abesti ezaguna kantatzen abesbatzarik handiena osatu nahi dute Nafarroa Oinezeko antolatzaileek. Hitzordua 13:30ean da, Erberea gunean.

M. B. | EITB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marka hautsi nahi du gaur Urkok. Nafarroa Oinezen testuinguruan, gaur Elizondon bilduko diren milaka euskaltzaleei egin die erronka: 'Guk euskaraz…zuk zergatik ez?' kantu enblematikoa abeste jarri nahi ditu.

Ekimenaren helburua Nafarroa Oinezekin bat egingo duten milaka euskaltzaleak (100.000 espero ditu Baztan Ikastolak, aurtengo antolatzaileak) euskararen aldarrikapena den kantua abesten jartzea da. "Euskarazko abesbatzarik handiena osatu nahi dugu, euskarari kantatuko dion abesbatzarik handiena nahi dugu, euskararen oihartzuna mundura zabaltzeko eta gure hizkuntzari hauspoa eta arnasa emateko", adierazi dute antolatzaileek.

Hitzordua eguerdia igarota izango da, 13:30ean, Erberea gunean, baina kantua Nafarroa Oinezeko gune guztietatik entzun ahal izango da. Parte-hartzaile guztiek erronkan esku har dezaten abestiaren letra eta ekimenaren informazioa banatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Oinez