Gizartea -
Deustuko unibertsitatea
Deusto FabLab inauguratu dute, fabrikazio digitalerako laborategia
Ikasleei, enpresei eta, oro har, herritar guztiei irekitako gunea da. Bertaratzen direnek nahi duten objektua hiru dimentsiotan fabrikatzeko aukera izango dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Deustuko Unibertsitateak Deusto FabLab izeneko fabrikazio digitalerako laborategi bat inauguratu du gaur. Industri-diseinuko Ingeniaritzako ikasleei bideratuta dago, batez ere, baina ikasleei, enpresei eta, oro har, herritar guztiei irekita egongo den gunea da. Bertaratzen direnek nahi duten objektua hiru dimentsiotan fabrikatzeko aukera izango dute.
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateak bultzatutako gunea berria Deustuko Bilboko campusean kokatuta dago, antzinako aroztegi batean.
Bilbao Bizkaia Design Council plataforman inplikatuta dauden erakunde publikoen eta pribatuen babesa izan du, tartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalarena.
Gizarteari irekitako gunea Massachusettseko Teknologia Institutuak (MIT) gidatutako 400 FabLaben nazioarteko sareko parte izango da.
FabLab bat partekatutako makinetan eta teknologian oinarritutako laborategi bat da, edonori irekia edozer fabrikatzeko. Aipaturiko gune horien ideia Massachusettseko Teknologia Institutuak bultzatu eta garatu du.
Sorkuntzarako gune izateaz gain, formaziorako toki ere izango da eta, besteak beste, tailerrak, ekintzak, fabrikazio digitalarekin lotutako trebakuntza ikastaroak egingo dira bertan. Datorren ikasturtetik aurrera Industri-diseinuko Ingeniaritza gradua eskainiko dute Deustuko Unibertsitatean eta ikasketa horiei bultzada ematea izango da gune horren helburu nagusia.
Ines Jacob Ingeniaritzako fakultateko dekanoak azaldu duenez, teknologia partekatuan oinarritutako laborategia da eta, sarean egonda, "Bostorren, Bartzelonan edota Nairobin egiten dituzten objektu berdinak fabrikatu ditzakegu".