Gizartea -
Salaketa
Guardia zibil baten semeak istiluak eragin ditu Gasteizko kuartelean
Ofizialorde baten semea salatu dute, guardia zibil bat jotzeagatik eta kuartelean botiloia egiteagatik eta porruak erretzeagatik.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilaren elkarte bateratuak salatu duenez, ofizialorde baten semeak guardia zibil bati eraso egin dio Gasteizko kuartelean.
Ustezko erasotzaileak 30 bat urte ditu eta Sansomendin Guardia Zibilak dituen etxeetan bizi da. Kuartelean botiloia egiten duela, porruak erretzen dituela eta zarata eragiten duela ere salatu dute.
Elkarteko bozeramaileek Gasteizen egindako agerraldian azaldu dutenez, joan den urriaren 5ean 40 urteko guardia zibil bat jipoitu zuen, hainbat zauri eraginda. Biktimak salaketa jarri zuen Gasteizko epaitegian.
Ez da lehenengo aldia guardia zibil bat jo eta horregatik zigortzen dutela. Gainera, jipoitutako guardia zibil horren bi ibilgailuri su eman zieten Langraizen eta horregatik ere ikertu egin zuten, erantzulea bera zela frogatu ez bazuten ere.
Guardia Zibilaren elkarteak neurriak eskatu ditu eta Komandantziako zuzendaritzaren inolako babesik jaso ez izana deitoratu du.
Bestalde, auzo berean bizi den eta urritasun intelektuala duen gazte bati haxixa saldu izana eta sakelako telefonoa aldatzeko engainatu izana ere leporatu dio ama batek, Guardia Zibilaren kuartelera joanda.
Elkarteak ikerketa bat abiaraztea exijitu du eta gogora ekarri du kuartelean errespetatu beharreko arauak daudela eta mutil horren aitak, Guardia Zibilaren ofizialordeak, hura zaintzeko ardura duela.