Gizartea -
Autobus-istripua
21 hilotz atera dituzte istripua izandako autobusetik
Autobus batek eta kamioi batek talka egin dute. Hildakoen artean 3 urteko ume bat dago.
eitb.eus
Atzo Puisseguin herrian (Frantzia hego-mendebaldea) izan zen autobus-istripuan hil ziren 43 pertsonetatik 21ren hilotzak atera dituzte gaur ikerlariek. Haien esanetan, identifikazio-lanak pare bat astez luza daitezke. Hilotzak Bordeleko institutu anatomikora eraman dituzte.
Patrick Touron koronelak eta IRCGNeko zuzendariak azaldu duenez, objektu pertsonalak jasotzen ari dira biktimen identifikazioan laguntzeko, piztutako sutearen ondorioz hainbat gorpuk kalte handiak dituztelako.
Taldeetako batek haginekin lan egingo du, hori dela eta, haginetako txostenak eskatu dizkiete senideei, eta DNA laginak ere hartu dizkiete.
Touronek ohartarazi duenez, litekeena da hiru aste igarotzea "identifikazio formala" izateko.
43 hildako ziurtatu dituzte orain arte
Aipatu legez, 43 pertsona dira, tartean 3 urteko ume bat, orain arte hildakoak autobus eta kamioi baten artean atzo gertatu zen istripuaren ondorioz. Ezbeharra Bordeletik gertu dagoen bigarren mailako errepide batean jazo zen.
Hala ere, oraindik ezin izan da zehaztu zenbat diren benetan hildakoen zenbatekoa (43 edo 44 izan daitezke), ez baitakite zenbat bidaiari zeuden autobusean. Bidaiarien zerrenda autobus barruan zegoenez, erre egin zen. Autobusean hil zirenak 41 edo 42 izan litezke, eta horiei 31 urteko kamio-gidaria (Cyril Aleixandr) eta kabinan bidaiatzen ari zen 3 urteko haren semea gehitu behar zaizkie. Ez dago euren hondarren inguruko zalantzarik.
Bizirik ateratzea lortu zuten zortzi lagunetatik (horien artean autobuseko gidaria), lau Bordeleko eta Libourneko ospitaleetan daude oraindik, baina ez daude bizi-arriskuan.
Xabier Sublett Libourneko alkateak esan zuenez, kamioiak egurra zeramala kontrola galdu zuen eta errepide erdian geratu zen. Orduan, autobusak jo egin zuen; izan ere, gidariak, bizirik atera zen arren, ezin izan zuen ezer egin kamioia saihesteko, eta, ondorioz, istripua izan aurretik ateak ireki zituen, bidaiarien ebakuazioa errazte aldera.
Baina talkak leherketa bat eragin zuen, eta bi ibilgailuak kiskali egin ziren.
Autobusa Petit-Palais 800 biztanle eskas dituen herritik abiatu zen minutu batzuk lehenago. Arzacqera zihoazen egunpasa, herriko erretiratuen elkarteak antolatutako bidaian.
Noel Mamere diputatu ekologistak esan zuen ezbeharra gertatu zen bihurgunean "ikuspena oso txikia" dela, lehen ere gertatu izan zirela istripuak, eta bertako agintariek eskatuak zituztela erreformak.
1982ko uztailean autobus baten istripuan 53 pertsona, 44 haur tartean, hil zirenetik gertatu den istripu larriena da gaurkoa.
François Hollande presidentea, berriz, Grezian zen, bidaia ofizialean, eta "atsekabea" agertu zuen bertatik.
200 jendarme inguru daude inguruan biktimei laguntzeko eta Libourneko Fiskaltzak beregain hartu duen ikerketa abian jartzeko.