Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Udaberri giroko asteburua, 25 ºC-ko tenperaturarekin

Hego-haizeak gogor joko du eta tenperatura altuak utziko ditu. Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du 100 km/h-ko boladak izan daitezkeelako.

Eguzkia Iruñean. Argazkia: Isidoro Francisco Arbizu
Eguzkia Iruñean.
Eguzkia Iruñean. Argazkia: Isidoro Francisco Arbizu

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego-haizearen ondorioz, udaberri giroko asteburua izango dugu, eta egunak pasa ahala lainoak ugarituko diren arren, ez da euririk espero, Euskalmeten iragarpenaren arabera.

Hego ukituko haize horrek gogor joko du, ordea, eta hori dela eta, abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeguneetan 100 km/h-ko boladak aurreikusi dituzte eta. Abisua ostiraleko 21:00etatik larunbateko 09:00ak arte egongo da indarrean.

Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, hego eta hego-ekialdetik joko du haizeak eta 100 km/h-ko abiadura harrapa dezake, batez ere mendiguneetan. Gipuzkoan eta Araban 70-80 km/h-koak espero dituzte. Gipuzkoako ekialdean bolada gogorragoak ere izango direla aurreikusi dute meteorologoek.

Eguraldi ederra eta giro goxoa izango da gaur. Zeruan goi-hodeiak agertuko dira, noizbehinka erdi mailako hodei batzuk ere bai, baina eguzkia jaun eta jabe izango da hainbat momentutan eta giroa atsegina eta lasaia izango da. Haizeak hegotik jotzen jarraituko duen arren, gaurtik aurrera hego-ekialdekoa gailenduko da eta ekialdeko eskualdeetan mendebaldekoetan baino indartsuago joko du. Eguzkiari eta hego-haizeari esker, tenperatura maximoek gora egingo dute berriro; 20ºC-tik gora geldituko dira denean eta isurialde atlantikoan 25 edo 26ºC ingurura iritsiko dira zenbait bazterretan.

Larunbatean ez da aldaketa handirik espero. Zerua aurreko egunean baino hodeitsuago egongo da, baina erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira eta eguzki tarte luze eta gozoak espero dira edonon, noizbehinka goibeltzera egin duen arren. Egunaren amaieran hodeiak trinkoagoak izan daitezke eta baliteke Araba eta Nafarroako zenbait puntutan tanta batzuk botatzea. Haizeak hego-ekialdetik joko du, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin ekialdeko haizeguneetan. Tenperaturak udaberriko balioetan mugituz jarraituko dute baina maximoak gradu pare bat jaitsiko dira. Ebro ibarrean laino itxia agertuko da goizean.

Igande goizean zerua hodeitsu agertuko da eta baliteke hodeitza honek egunean zehar barnealdeko zenbait zonaldeetan euri-zipriztina edo tanta batzuk uztea. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, baina tenperaturak koska pare bat behera egingo du. Barnealdean tenperatura maximoak 15-17 ºC artean geldituko dira eta kostaldean 20 ºC-ren inguruan eta bertan eguraldia atseginagoa izango da.

Astelehenetik aurrera tenperaturek beheranzko joerari eutsiko diote, eta euri gehiago egingo du.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia argazkiak