Gizartea -

Formula Student Bizkaia

Monoplaza batek Bilboko kale nagusiak zeharkatuko ditu larunbatean

Silverstone eta Montmelo zirkuituetan mundu osoko unibertsitateekin lehiatu ostean, publikoak aurrez aurre ikusi ahal izango du prototipoa.

FSBizkaiaren monoplaza. Argazkia: FSBizkaia
FSBizkaiaren monoplaza.
FSBizkaiaren monoplaza. Argazkia: FSBizkaia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Formula Student lehiaketan Silverstone eta Montmeloko zirkuituetan munduko unibertsitaterik onenen aurka lehiatu ondoren, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko FSBizkaia taldeak eraikitako monoplazak hiriko kale nagusiak zeharkatuko ditu bihar, larunbata, hilak 31, eta hurrengo larunbatean, azaroak 7.

Eskolako prototipoek zazpi urte daramatzate nazioarteko probetan parte hartzen, baina lehenengoz aurkeztuko dute jendartean prototipo horietako bat.

EHUren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XV. Astearen barruan antolatu dute ekimena.

Bilboko kaleetatik ibiliko den prototipo hau Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan munduko unibertsitate mailako lehiaketarik ospetsuenetako batean parte hartzeko eraiki duten bederatzigarrena da.

40 kW-eko potentzia izendatua eta 80 KW-eko potentzia gorena duen motor batez hornitutako ibilgailu elektriko honek 100 HP inguru garatzeko gaitasuna du. Taldeak diseinatutako bateria-sistemari esker, Silverstoneko zirkuituak duen 22 kilometro inguruko ibilbidea egiteko behar den energia-kopuru osoa biltegira daiteke. Potentzia osoan, ibilgailua 0 km/h-tik 100 km/h-ra 4 segundoan pasatzeko behar den energia osoa eskaintzeko gauza da. Monoplazak 207 kilogramoko pisua du.

Ibilbidea eta ordutegia

Bihar Bilboko kaleetatik ibilbidea egin ondoren, Formula Student Bizkaia monoplaza ikusgai utziko dute 11:00etatik aurrera Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean jarriko den stand batean. Erakustokia gaur arratsaldean egongo da, 15:30etik 17:00etara, eta taldearen zenbait ordezkari Formula Student proiektua eta monoplazak Bilboko kaleetan egingo duen ibilbidea ezagutzera emateaz arduratuko dira.

Programatutako bi erakustaldietarako, ibilbide desberdinak erabiliko dira ondoz ondoko bi larunbatetan; bihar, urriak 31, eta azaroaren 7an. Batean zein bestean, erakustaldia 12:30ean hasiko da, eta 45 minutu inguruko iraupena izango dute:

Lehenengo ibilbidea (larunbata, urriak 31): irteera Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikotik (Termibus geltokiaren ondoko atetik), Sabino Arana, Jesusen Bihotza, Abandoibarra, Leizaola, Euskadi plaza, Deustuko zubia, itzulia San Pio X.aren plazan, Euskadi plaza, Mazarredo, El Corte Ingles, Hurtado de Amezaga, Plaza Biribila, Kale Nagusia, itzulia Jesusen Bihotzean, Kale Nagusia Foru Jauregiraino, ibilgailua bertan utziko baitute ikusgai.

Bigarren ibilbidea (larunbata, azaroak 7): irteera Bizkaia Aretotik (Euskadi plaza), Deustuko zubia, itzulia San Pio X.aren plazan, Euskadi Plaza, Mazarredo, El Corte Ingles, Hurtado de Amezaga, Plaza Biribila, Kale Nagusia, Jesusen Bihotza, Abandoibarra, Leizaola, Euskadi plaza, Bizkaia Aretoa.

fsbizkaia monoplaza ibilbidea bilbo

fsbizkaia monoplaza ibilbidea bilbo

Monoplazak egingo duen ibilbidearen mapa. Argazkia: FSBizkaia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Azken ordukoa Bizkaia EHU albisteak Albisteak