Gizartea -
Neguko Bidezaintza Plana, EAEn
Elurra kentzeko 166 makina eta 7 garabi prest, elurteei aurre egiteko
Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren nondik norakoak azaldu ditu gaur; negurako autoa prestatzea eta zuhur gidatzea ezinbestekoak direla ekarri dute gogora Trafikoko arduradunek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elurra kentzeko 166 makina eta ibilgailu astunentzako 7 garabi prest ditu Eusko Jaurlaritzak, datozen hilabeteotan elurrak errepideetan sor ditzakeen arazoei aurre egiteko.
Josu Zubiaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Neguko Bidezaintza Plana 2015-2016ren nondik norakoak azaldu dizkie, gaur, foru aldundietako, autobideetako, Ertzaintzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariei, Bilbon egin duten bileran.
Trafiko Zuzendaritzak 7 garabi astun jarriko ditu herritarren zerbitzura, errepidean trabatuta gera litezkeen ibilgailu astunak erretiratzeko. Elurra kentzeko makinak, berriz, aldundienak eta autobideak kudeatzen dituzten enpresenak dira, eta horiek ere prest daude negurako.
Koordinazio eta kontrol lanak egiteko, 124 ibilgailu arrunt ere jarriko dituzte aldundiek, eta Ertzaintzarekin arituko dira elkarlanean. 700 metrorik behera elurra egiten duenetan aktibatuko da plana, unean uneko erabakiak hartuko diren arren elurte bakoitzean.
Bestalde, bileran, 2014-2015eko neguko balantzea ere egin dute. Hain zuzen ere, planaren informazio eta jarraipen fasea hamabitan aktibatu zen joan den neguan. Horietako bederatzitan, fase operatiboa ere abiarazi behar izan zuten, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako.
Azkenik, Bidezaintza Plana aurkezteaz gain, negurako autoa ongi prestatzea eta zuhur gidatzea ezinbestekoak direla ekarri dute gogora Trafikoko arduradunek.