Gizartea -
Ur-partzuergoa
Uraren faktura Bizkaian bi euro garestiagoa izango da 2016an
Ur Partzuergoak dio bilbotarrek inguruko hirietan baino gutxiago ordaintzen dutela uragatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zerbitzua emateagatik, saneamendu-sareagatik eta uraren arazketagatik kobratzen duen tarifa % 1,5 igotzea erabaki du. Hortaz, uraren fakturak bi euro inguru garestiagoak izango dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Partzuergoko udalerrietan EAJk duen gehiengoari esker egin du aurrera proposamenak. Alderdi Popularrak kritikatu egin du garestitzea, krisiaren urterik gogorrenetan tasak % 22,8 igo dituztelako.
Pedro Barreiro Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerenteak esan du Europar Batasuneko araudi baten ondorioz eta Partzuergoak duen % 10eko defizitari aurre egiteko hartu dutela erabaki hori.
Horrez gain, Barreirok esan du bilbotarrek inguruko hirietan baino gutxiago ordaintzen dutela uragatik. Facuak egindako ikerketa baten arabera, tarifa garestiena duten Estatuko 28 hirien artean, Bilbo 23. tokian dago.