Gizartea -
Epaiketa Iruñean
14 urteko espetxealdia ezarri diote Arrosadiako hilketaren egileari
Joan den astean herri-epaimahaiak homizidioa leporatu zion Diego Fernando Bonillari, 2014an bere pisu-kidea hiltzeagatik.
agentziak | erredakzioa
Epaileak 14 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Diego Fernando Bonillari, 2014ko apirilean Iruñeko Arrosadia auzoan bere pisu-kidea hiltzeagatik.
Joan urriaren 30ean, herri-epaimahaiak homizidio delitua eta nagusitasunez egindako abusua leporatu zizkion akusatuari.
Erabaki horren ostean, fiskalak 15 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, 12 urte eta sei hilabetekoa.
Herri-epaimahaiko bederatzi kideek aho batez eman zuten frogatutzat akusatuak hainbat aldiz sastakatu zuela Alejandro Sarria eta labanaz eragindako zauri larri horien ondorioz hil zela.
Erantzukizun zibilari dagokionez, auzipetuak 300.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimaren alabari; 105.000 euro, aitari; eta 8.000 eurona, biktimaren bi anaiei.