Gizartea -

Iragarpena

Sanmartinetako uda txikia aurreratu egin da

Igandean, hego-haizea izango da, eta horrek tenperatura 25 ºC-tik gorago igoko du, baita Behobia-Donostia lasterketan ere.

Donostiako Pasealeku Berria. Argazkia: EiTB
Donostiako Pasealeku Berria.
15 egun 25 graduko tenperaturekin

1:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udako eguraldia izango dugu asteburuan, ia lainorik gabe eta tenperaturak 25 ºC-tik gertu; beraz, sanmartinetako uda txikia, azaroaren 11 inguruan izan ohi dena, aurreratu egin da, Euskalmeten iragarpenaren arabera.

Eguraldi ederra gaurko, eguzkitsua eta tenperatura altuarekin. Termometroa 25 ºC-ra igoko da isurialde atlantikoko hainbat puntutan, eta 20-22 ºC-ra, barnealdean. Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ikusiko ditugu, goiz partean bereziki, baina ez dute traba handirik egingo, eta giroa eguzkitsua izango da. Haizea hegoaldetik sartuko da, eta haizeguneetan oraindik zakar ibiliko da tarteka.

Ildo beretik jarraituko du larunbatean, giro eguzkitsuaz eta dotoreaz gozatu ahal izango baitugu. Zeruan goi-hodei fin batzuk agertuko diren arren, eguzkiari leku dezente utziko diote, eta eguraldia argia eta dotorea izango da. Salbuespen bakarra aipatu behar: barnealdean, behe-lainoa sortuko da gauean, eta baliteke hegoaldeko zenbait puntutan luze irautea. Haizea hegoaldetik sartuko da, baina eguerdi partean itsasertzean iparra sar daiteke. Tenperaturan, ez dugu gorabehera handirik espero behar, eta batez bestekoaren gainetik jarraituko dugu, nabarmen gainera.

Eguzki giroak eta tenperatura altuak jarraipena izango dute igandean. Barnealdean, behe-lainoa sortuko da gauean, eta baliteke Ebroko ibarrean oso trinkoa izatea eta luze irautea. Gainerako lekuetan, zerua oskarbi egongo da; iluntze aldera, goi-hodei fin batzuk ikusiko ditugu. Haizea hegoaldetik sartuko da berriro ere, eta, indartu egingo denez, kostaldean tenperaturak beste koska bat egin dezake gora; gainerako lekuetan, berdin jarraituko du.

Gainera, Behobia-Donostia herri lasterketa korrituko dute milaka pertsonak, eta, hego-haizearen eraginez, 25 ºC-tik gorako tenperaturak espero dira bertan; hori dela eta, ura asko edatea aholkatzen da.

Astelehenean, tenperatura apur bat jaitsi, eta lainoak ugaritu egingo dira, baina hurrengo egunetan, zeruak urdin egongo dira, eta tenperaturak gora egingo du.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Donostia Eguneko albisteak