Gizartea -
Astelehenetik aurrera
Aparkamendu araupetua urrutitik ordaintzeko aukera izango dute Getxon
Aplikazio berriak ahalbidetzen dituen eragiketak, besteak beste, honako hauek dira: aparkatzea, aparkaldia luzatzea edo salaketak baliogabetzea.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren astelehenetik, azaroaren 9tik, aurrera mugikorraren bitartez ordaindu ahal izango da Getxoko aparkamendu araupetua, parkimetrora joan behar gabe. Zerbitzuaren enpresa esleipendunak prest dauka jada App edo aplikazio berria, EYSAMobile izenekoa, parkimetroan egin daitezkeen eragiketa berdinak egitea ahalbidetuko duena. Aplikazio honek aurreko kontratua amaitzean zerbitzuz kanpo geratu zen web bitarteko ordainketa ordezkatzen du.
Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, aplikazio berriak ahalbidetzen dituen eragiketak, besteak beste, honako hauek dira: aparkatzea, aparkaldia luzatzea edo salaketak baliogabetzea. Gainera, abantaila modura ere, txartelaren amaieraz ohartarazten du, ordaindutako denbora luzatu ahal izateko parkimetrora joan behar gabe eta, horrela, isunik ez ordaintzeko.
Urrutitik ordaintzeko aplikazio hori dagoeneko badabil hainbat hiritan, eta, horregatik, sisteman alta eman ondoren, zein hiritan aparkatu nahi den aukeratu beharko du erabiltzaileak.
Alta emateko beharrezkoa da helbide elektroniko bat, telefono mugikorreko zenbaki bat eta ordaintzeko baliabidea (kreditu- edo zordunketa-txartela) ematea. Bi eratan egin daiteke: EYSAMobile webgunea bisitatu eta Erabiltzaile Partikular Berriaren Alta klikatuta edota EYSAMobile aplikazioa dohainik jaitsita (eskuragarri dago Androideko Google Play dendan edo iOSen App Store dendan).