Gizartea -
Animaliei tratu txarrak
Igeldoko txakur etxearen jabea zigortu dute
Txakur eta katu etxea 2014ko irailean itxi zuten. Arduradunari zortzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote, animaliei tratu txarrak emateagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Igeldoko txakur eta katu etxearen arduradunari zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, animaliei tratu txarrak emateagatik. Orio (Gipuzkoa) udalerrian dagoen txakur etxea epailearen aginduz itxi zuten iaz, irailean.
Zigorraren inguruan, akordioa adostu dute fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak. Donostiako Zigor-arloko 3 zenbakiko Epaitegian egin dute saioa gaur goizean.
Auzipetua ados agertu da zigorrarekin. Animaliekin lan egiteko hiru urteko inhabilitazioa ezarri diote, eta 900 euroko kalte-ordaina eman beharko dio txakur baten jabeari.
Hasiera batean, urtebeteko espetxe-zigorra eskatu zuen fiskalak, baina lortutako akordioaren arabera, zortzi hilabete izango dira. Hala ere, lan horretarako inhabilitatzeko eskariari eutsi egin dio fiskalak, eta txakur bat desagertu zelako eskatu du kalte-ordaina.
Iaz, txakur eta katu etxea itxi zutenean, auzipetua atxilotu egin zuten, eta aske utzi zuten ondoren. 62 txakur heldu eta kume ugari zituen bertan, baita 12 zaldi eta sei katu ere.