Gizartea -
Subiranotasuna eta eskubideak
Alternatiben Herria 'arrakastatsua' izan zen, sustatzaileen arabera
"Alternatibarik ez dagoela esaten dutenen aurrean erakutsi dugu ez gaudela esku hutsik", azpimarratu dute ekimenaren antolatzaileek.
agentziak | erredakzioa
Alternatiben Herria ekimenak "erabateko arrakasta" izan zuela adierazi dute sustatzaileek. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, joan den urriaren 24an egin zuten Bilbon, 'Bizitza burujabea eskubide osoz' lelopean.
Ekimenaren helburuak, besteak beste, ondokoak izan zirela gogoratu dute: “Euskal Herriak herri gisa alternatibak badituela zabaltzea eta beste eredu sozial hori zehazten hastea; Euskal Herriko Mugimendu Sozialaren kohesioan urratsak egitea; trantsizio sozial eta ekologikoa lortze bidean, gizartearen aktibazio eta mobilizazio beharra azpimarratzea, eta horretarako gonbita egitea; eta elkarlanarekin jarraitzea”.
Egitarau zabala antolatu zuten, 167 eragilek egin zuten bat ekimenarekin eta milaka lagunek hartu zuten parte hitzaldietan, tailerretan edo bestelako ekintzetan.
Ingurumena, nekazaritza, feminismoa, kooperatibismoa edo eskubide sozialen defentsa bezalako gai ezberdinak jorratu zituzten.
“Alternatibarik ez dagoela esaten dutenen aurrean, erakutsi dugu ez gaudela esku hutsik. Gure aurretik oraindik lan asko daukagu. Baina Alternatiben Herriak balio izan du indarrak hartu, baikortasunez bete eta martxan dagoen herriari hauspoa emateko. Hemendik aurrera, Bilbon irekitako leihoa irekita geratu da. Denon eskutan dago 'Bizitza burujabea eskubide osoz' leloa eta praktika lau haizeetara barreiatzea”, gaineratu du talde motoreak.