Gizartea -
Nafarroa
Elizondoko etxebizitza bat hustu dute, sute baten ondorioz
Trasteleku moduan erabiltzen zen logela batean piztu da sua, Xalbador kaleko etxebizitza baten hirugarren solairuan.
Agentziak | Erredakzioa
Sutea izan da bart Elizondoko (Nafarroa) etxebizitza batean, eta pilatutako kea dela eta, bizilagunak atera dituzte, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Xalbador kaleko etxebizitza bateko hirugarren solairutik garrak ateratzen zirela eta, 112 larrialdi zerbitzuak deia jaso zuen atzo gauean. Sutea piztu zenean, etxea hutsik zegoen.
Gobernuak oharrean jasotakoaren arabera, etxetresna batek su hartu eta trasteleku moduan erabiltzen zen logela kiskali du. Garrek kalteak egin dituzte sabaiko estalkian eta goiko etxebizitzako lurrean.
Foruzaingoak etxebizitza hustu du. Bizilagunak 02:30ean itzuli dira euren etxeetara, suhiltzaileek garrak itzali, hondakinak kendu eta gunea aireztatu eta gero.