Gizartea -
COP21 goi-bilera
Kontrolak itzuli dira Biriatuko mugara aldi baterako
Hala, gaurtik abenduaren 13ra bitartean, Frantziako agintariek eskatzen dutenean, agiriak berriz aurkeztu beharko dituzte herritarrek.
Agentziak | Erredakzioa
Schengen herrialdeekin dituen mugetan kontrolak berriro ezarri ditu gaur Frantziak, eta horrela jarraituko dute hilabetez, azaroaren 13tik abenduaren 13ra arte. Arrazoia Parisen egitekoa den klima aldaketaren goi-bilera (COP21) da.
Frantziako Atzerri Ministerioak mezua bidali die aldameneko estatuei. COP21 goi-bilerako “parte-hartzaileei mugetatik igarotzeko erraztasunak” ematea eskatu die Parisek buruzagiei.
“Azaroaren 13tik abenduaren 13ra bitartetan, mugetako kontrolak berriz jarriko ditugu martxan, Schengen akordioetan aurreikusitakoaren arabera”, Ministerioko bozeramaile batek baieztatu duenez. Ekitaldi handiak izan aurretiko egunetan har daitezkeen neurrietako bat da, Schengen eremuko akordioak jasotzen duenez.
Aldi baterako neurria da, eta hilabetez egongo da indarrean. Schengen kodeak ez du epea gehiago luzatzeko aukerarik ematen. Goi-bileraren inguruan ekitaldi ugari antolatu dituzte.
Honenbestez, gaurtik abenduaren 13ra bitartean, Frantziako agintariek eskatzen dutenean, agiriak berriz aurkeztu beharko dituzte herritarrek.
35.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena
35.000 pertsonak baino gehiagok jasoko dute COP21en parte hartzeko agiria, iragarpenen arabera. Goi-bilera azaroaren 30ean hasi eta abenduaren 11ra arte egingo dute.
Pertsona horiek “bisita profesionalaren bisa” izango dute. 196 herrialdetako 10.000 ordezkari, gobernu arteko eta gobernuz kanpoko erakundeetako 20.000 bat ordezkari eta ia 5.000 kazetari espero dituzte bertan.
Horiez gain, milaka lagunek hartuko dute parte “konferentziatik kanpo antolatutako manifestazioetan”, Ministerioaren arabera.