Gizartea -
Kutsadura handia dela eta
Madrilgo aparkamendu arautuko guneak, bertakoentzat soilik erabilgai
Ostegunean abiaduraren gainean ezarri ziren murrizketek bere horretan jarraitzen dute; hau da, 70 kilometro orduko abiadura-muga M-30 eta M-40 errepideetan.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo Udalak ostiral goizean, 06:00etan, jarri du martxan aparkamendu arautuko guneetan aparkatzeko debekua egoiliarrak ez direnentzat. Halaber, bere horretan jarraitzen du M-30 errepidetik dabiltzan ibilgailuek 70 kilometro orduko abiadura-muga ez gainditzeko agindua, hiriburuan jasaten ari diren nitrogeno dioxido (NO2) maila altuak direla eta.
Hori horrela, Manuela Carmenak zuzentzen duen udalak abian jarri du nitrogeno dioxidoak eragindako kutsadura handiko egoerei aurre egiteko planaren bigarren fasea, aurreko bi egunetan aurreabisu- eta abisu-egoeran egon ostean.
Horrela, gaur goizetik aurrera, egoiliarrak ez direnek debekatuta dute hirigune barruko aparkamendu arautuko guneetan aparkatzea. Debeku horretatik salbuetsita geratzen dira merkataritza-garraioak, eskola-garraioak, autotaxiak, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak eta isurketarik egiten ez dituzten ibilgailuak.
M-40 errepide barruko Madrilgo sarbideetan ere. 70 kilometro orduko abiadura-mugak bere horretan jarraitzen dute, bi noranzkoetan.
Hartutako neurri horien eraginak arintzeko, udalaren garraio-enpresak zerbitzua sendotuko du egunean zehar dabiltzan 55 autobus-lineatan; batez ere, hirigunea eta hiri-inguruak lotzen dituzten horietan, baita hiriguneko mutur batetik bestera doazen horietan ere.
Kutsadurak eragindako alerta-egoera indarrean dagoen bitartean, aire zabalean ahalik eta ariketa fisiko gutxien egitea gomendatu die Udalak arnasa egiteko arazoak dituzten pertsonei.
Pegatinak parkimetroetan
Madrilgo aparkamendu arautuko parkimetroetan pegatinak agertu dira gaur goizean. Pegatina horietan, erabiltzaileei ohartarazten zaie debekatuta dagoela bertan aparkatzea, “kutsadura handia” dela eta.
Udala ulerkor agertuko da ospitaleetako aparkamendu arautuko guneetan, aparkatzen utziko baitiete pazienteei eta haiekin doazenei.