Gizartea -
azaroaren 25etik aurrera
Donostiarrek sakelakoaren bidez ordaindu ahal izango dute TAOa
Ordainketa telefonoaren bidez egiteko aukera emango dute, eta, beraz, edozein lekutatik ordaindu ahal izango da eta ez da autoan ordainagiria utzi beharko.
Agentziak | Erredakzioa
Pilar Arana Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio zinegotziak sakelako telefonoetarako aplikazio bat aurkeztu du asteazken goizean. Aplikazio horri esker, donostiarrek Araututako Aparkaldi Zerbitzua (TAO) ordaindu ahal izango dute sakelako telefonoarekin.
Orain arte, aparkatzeko tasa makinetan ordaintzen zen txaponak edo txartelak erabiliz, baina azaroaren 25etik aurrera aplikazioak TAOaren erabiltzaileei hainbat zerbitzu gehiago eskainiko dizkie. Aranaren arabera, “sistema berri honek egun dagoena osatzen du, eta, horrenbestez, Donostiak aurrerapausoa egingo du TAO zerbitzua hobetzeko. Nahikoa da smartphone bat edukitzea eta EYSAMobile aplikazioa eskuratzea (Android eta iOS sistementzako aplikazioa da) TAOa sakelako telefonoa erabiliz ordaintzeko. Horretarako, erabiltzaileek izena eman eta ordainketa modua zehaztu beharko dute: aurrekarga (diru-poltsa elektroniko baten antzeko sistema) edo kontu korrontea (hilabetero kontsumoa likidatzea). Eta hori guztia, makinatik pasatu gabe”.Bestalde, Ugaitz Goñi EYSA enpresako ordezkariak aplikazioa nola dabilen erakutsi du. Horren esanetan, “aplikazioa ez dago matrikula bakar bati lotuta, ibilgailu bat edo gehiagorekin eta sistema duten hiri guztietan erabil daiteke; Burgosen, Madrilen edo Salamancan, besteak beste. Gainera, aplikazioak honako informazioa ere ematen du: tarifak, aparkatzeko guneak eta aparkatzeko denbora-mugak. Beraz, hiritarrek aparkatzeko baldintzak kontsultatu ahal izango dituzte makinara joan edo langile bati galdetu gabe”.