Gizartea -
Polemika
Poliziaren domina Ama Birjinari ematea babestu du Auzitegi Nazionalak
Barne Ministerioak meritu polizialaren urrezko domina Ama Birjinari eman izanak hautsak harrotu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak babestu egin du Espainiako Barne Ministerioak meritu polizialaren urrezko domina Maitasunaren Ama Birjinari eman izana, golardoa, Ama Birjinari barik, Malagako Jesus "el Rico" kofradiari zuzenduta dagoela ulertuta.
Auzia aztertu duten bost epaileetatik hiruk atzera bota dute Europa Laikoa elkarteak Barne Ministerioaren kontra aurkeztutako helegitea.
Elkarte horrek salatu zuen horrelako domina bat ezin zaiola figura erlijioso bati eman, pertsona bat ez delako eta, beraz, entitate juridikorik ez duelako. Alabaina, epaileek ebatzi dutenez, golardoa kofradiarentzat da, eta hori zilegi da.
Gainerako bi epaileek boto partikularra eman dute, kondekorazioa baliogabetu beharko zela uste dutelako.
Idatzian, gogora ekarri dute horrelako intsigniak Espainiako Poliziako kideei edo funtzionarioei ematen zaizkiela, eta, salbuespen kasuetan, bestelako pertsona fisiko edo entitate juridikoei.
Ildo horretan, boto partikularrak azpimarratu duenez, merituaren urrezko domina lanean hil diren poliziei edo mutilazioren bat jasan duten agenteei ematen diete, eta ez gaude horrelako kasu baten aurrean.