Gizartea -
Burgosen
Gizon batek tiroz hil du bere burua manifestazio baten aurrean
Hilotzaren aldamenean pistola txiki bat eta ohar bat aurkitu dituzte. Dirudienez, oharrean erabaki hori hartzera bultzatu duten arrazoiak azaltzen dira.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat hil da gaur Burgoseko hirigunean, bere buruari tiro egin ostean. Gizonak klima-aldaketaren kontrako manifestazio baten aurrean egin du bere buruaz beste, Burgoseko Udaltzaingoak jakinarazi duenez.
Jazoera gaur eguerdian gertatu da, Fórum Evolución egoitzaren aurrean. Bertan, Madril eta Paris artean azaroaren 15etik egiten ari diren txirrindularitza-martxa baten etaparen irteera zegoen deituta. Martxa klima-aldaketaren kontrakoa da.
Tiroaren ostean, hainbat polizia nazional eta udaltzaingok baieztatu ahal izan dute gizonezkoa hil egin dela. Hilotzaren aldamenean, pistola txiki bat aurkitu dute.
Udaltzaingoaren iturrien arabera, gizonezkoak ohar bat zeraman soinean, bere buruaz beste egitera bultzatu duten arrazoiak azaltzen dituena.