Gizartea -
Euskal Hiria 2015
Urkulluk Euskadi 'adimendun, jasangarri eta soziala' aldarrikatu du
Lehendakariak kongresua inauguratzean egin ditu adierazpenok. Gaur eta bihar lurralde-antolamenduaren arloko 400 aditu bilduko dira Bilbon; besteak beste, Norman Foster arkitektoa.
E. Lotina | eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, honako xedea finkatu du gaur: “gidalerroen zehaztapen teknikoan aurrera egitea, batera, lurralde adimendun, jasangarri, sozial eta integratzaile, elkarlotu eta parte-hartzea lortzeko”, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak agiri batean azaldu duenez.
Urkulluk Euskal Hiria 2015 Kongresua inauguratzean egin ditu adierazpenok. Gaur eta bihar lurralde-antolamenduaren arloko 400 aditu bilduko dira Bilbon; besteak beste, Norman Foster arkitektoa. Ekitaldian, lehendakariak Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi izan ditu lagun.
Euskal Hiria 2015ek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-estrategia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berraztertzeko parte-hartze prozesua abiaraziko du.
Oregiren aburuz, “garrantzitsua da parte hartzeko prozesuak kontuan izatea, herritarrei informazioa eta entzunaldia emateko izapide formalak gaindituz, eta kudeaketa publikoan txertatuz”.
Bestalde, Aburtok adierazi du lurralde-politiken bide berri honetan nabarmentzekoak izango direla erakundeen arteko lankidetza estuagoa, gardentasun handiagoa eta herritarren partaidetza sendoagoa.
“Antolamendu berria”
Goizeko saioan, lurralde-antolamendu berri baten bektoreei buruz hausnartuko dute. Joseba Zulaikak, Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen irakasleak, bere hitzaldia aurkeztuko du: ‘Bilboko ilargi zaharra: hiriaren pasio eta berpizkundea’.
Ondoren, Luis Fernandez Galianok hartuko du parte; Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Eskolako Proiektuen (ETSA) katedraduna bera, arkitekturaren alorreko teoriko bikainenetakoa da, halaber, eta ‘Antropogenoaren paisaiak. Dentsitatearen goraipamena’ gaia izango du hizpide.