Gizartea -
Atxilotua
Gizon batek beste bi laguni bihurkin batekin eraso egin die Gasteizen
Biktimetako bat Santiagoko ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian, buruan zauriak zituelako. Erasoa astelehenean gertatu zen Uruguai kalean.
E. Lotina | eitb.eus
Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo gauean, Gasteizen, beste bi laguni bihurkin batekin eraso egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak agiri batean jakitera eman duenez.
Biktimetako bat anbulantzian Santiagoko ospitalera eraman behar izan zuten, buruan zauriak zituelako.
21:20 aldera, Pilar auzoan zegoen Ertzaintzako patruila batek borroka baten abisua jaso zuen. Istilua Uruguai kalean gertatzen ari zen.
Ertzainak berehala bertaratu ziren. Bi gizon zauriturik aurkitu zituzten. Horietako batek buruko zauriak odoletan zituen. Horregatik, anbulantzia bat eskatu zuten.
Ustezko erasotzaileak ihes egin zuela azaldu zuten biktimek. Gainera, eraso egiteko bihurkin bat erabili zuela esan zuten.
Kuterra eta bihurkina
Ertzainek susmagarria bilatzeari ekin zioten, eta inguruetan topatu zuten. Arropen artean kuter bat atzeman zioten. Bihurkina, aldiz, lurrean botata aurkitu zuten.
Biktimek gizona identifikatu zuten. Ondoren, Ertzaintzak erasotzailea atxilotu eta polizia-etxera eraman zuen.
Salaketen arabera, biktima batek atxilotua ezagutzen zuen auzoan aurretik ikusi zuelako. Kalean topo egin eta bat-batean biraoka hasi zitzaien, eta ondoren bihurkina atera zuen eraso egiteko.
Atxilotuak aurrekariak ditu; izan ere, bi aldiz atxilotu dute. Izapideak bukatu eta gaur goizean epailearen esku utzi dute ertzainek.