Gizartea -
LAN-EZBEHARRA
Langile bat hil da eta hiru zauritu Urdazubin, eraikin bat amilduta
Zauritutako bat egoera kritikoan dago. Dantxarineako merkataritza-gunean izan da ezbeharra, eguerdian, eraikitzen ari ziren eraikin baten egitura behera etorri denean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langile bat hil da eta beste hiru zauritu Urdazubin, gaur eguerdian, izan den istripuan. Eraikitzen ari ziren eraikin bat behera etorri da, Dantxarineako merkataritza-gunean. Zauritutako bi langile larri daude. Beste biak, berriz, zauri arinak dituzte.
Hildakoa Irungo (Gipuzkoa) gizonezko bat zen, 47 urtekoa. Ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Lanen arduraduna zen.
Zauritutakoen artean, bat egoera kritikoan dago, hil edo bizi; beste bat larri (baina ez du hiltzeko arriskurik) eta, azkena, arin. Lehena Oitzko (Nafarroa) bizilaguna da eta 25 urte ditu.
Ezbeharra 13:00etan jazo da. Ordu horretan, teilatua erori egin da, eta, ondorioz, eraikinaren parte bat ere behera etorri da.
Antza denez, eraikinaren estalkiko xaflak behera etorri dira eta kofratua eraitsi du. Ondorioz, etxebizitzaren zati bat behera etorri da eta langileak harrapatu ditu.
Zaurituak erreskatatzeko arazoak izan dituzte suhiltzaileek. Horietako bi Baionako eta Iruñeko ospitaletara eraman dituzte.
Ikerketa abiatu du Guardia Zibilak, eraikina zergatik amildu den argitzeko.
Anbulatzia zaurituetako bat eramaten. Argazkia: EFE
Oronozko suhiltzaileak eta bi anbulantzia joan dira ezbeharraren lekura.
Lanak Borstargi SL konpainiaren esku zeuden.
Sindikatuen hitzetan, aurten 15 pertsona hil dira lan-istripuan, Nafarroan.
Polemika lan baimenarekin
Santiago Villares Urdazubiko alkatearen esanetan, aste honetan lan segurtasuneko hainbat teknikarik lanak aztertu dituzte, eta lanen sustatzaileak ?zoriondu? egin dituzte.
Nolanahi ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak onartu egin du herritar batzuek eraikinaren lan baimenaren kontra aurkeztutako helegite bat, benetako altuerarekin kontraesanak atzeman zituelako. Hori bai, ez zuen agindu eraikina eraistea.
Horren ildotik, alkateak esan du lan baimena ?legezkoa? zela, baina Iñigo Imaz oposizioko zinegotziak salatu du ?baliogabe? zegoela.
Suhiltzaileak eraikinean. Argazkia: EFE