Gizartea -
Parisko atentatuak
Hilabeteko espetxealdia hendaiar bati, terrorismoa goratzeagatik
Parisko atentatuen ostean, Frantziako Poliziaren kontrako adierazpenak egin zituen Facebooken. Ostegun honetan epaitu eta espetxean sartu dute.
ETB | EITB.EUS
Ipar Euskal Herriko mutil gazte batek hilabete egin beharko du kartzelan, terrorismoa goratzea leporatuta.
Parisko atentatuen ondoren Frantziako Poliziaren kontrako adierazpenak egin zituen sare sozialetan, eta gaur Baionako presondegira eraman dute.
Gazteak 18 urte ditu, jaiotzez Bergarakoa da, baina duela lau urtetatik Hendaian bizi da bere gurasoekin batera.
Azaroaren 17an Frantziako segurtasun indarren aurkako irainak argitaratu zituen sare sozialen bidez.
Poliziak haren etxea miatu du, atxilotu egin dute, inputatu eta, epaiketa azkarra eginda, hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote.
Arratsalde honetan egin den saioan ez du azalpenik eman eta gertatutakoagatik barkamena eskatu du.
Defentsako abokatuak zigorra “gehiegizkoa” dela esan du eta auzipetua terrorista bat ez dela azpimarratu du.
Alabaina, ETBk jakin ahal izan duenez, ez dute epaiaren aurkako helegiterik aurkeztuko.