Gizartea -

Donostian

Terrorismoa ez da erlijioa, Munillaren eta musulmanen esanetan

Gainera, musulmanak bakezaleak direla azpimarratu dute. Donostian gune islamiko bat inauguratu dute eta bertan egin dituzte adierazpenok.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina eta Donostiako kultur gune islamiko berriko arduraduna bat etorri dira terrorismo jihadista ez dela erlijioa esaterakoan, eta musulmanak bakezaleak direla gaineratu dute.

Munilla gotzainarekin batera, inaugurazio ekitaldian izan da Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Aipaturiko kultur gune islamiko berrian, errezorako tokiak eta arabiar eta gaztelania eskolak emateko eta Korana irakurtzeko hainbat areto atondu dituzte.

Gonbidapena eskertu ondoren, erlijioa eta erlijioa beste helburu batzuetarako aitzakia gisa erabiltzen dutenak bereizteko beharra azpimarratu du prelatuak.

"Badakigu bakezaleak zaretela eta terroristek ez gaituzte engainatuko", esan die Munillak inaugurazio ekitaldira bertaratu diren musulmanei. Gunea gaur inauguratu badute ere, hainbat hilabete daramatza zabalik eta ostiralero 200 musulman inguru bertaratzen dira otoitz egitera.

Gune horretako buruzagietako batek eskerrak eman dizkio euskal gizarteari musulmanak ez diskriminatzeagatik eta sinismena terroristengatik bereizten jakiteagatik. Gainera, eskerrak eman dizkie Parisko atentatuen ondotik babesa eman eta terrorismoaren edota Estatu Islamikoaren inguruan galderak egin dizkiotenei.

Bestalde, gune berriaren izaera "irekia" nabarmendu du. lldo horretan, Donostiako gizarte ehundura osatzen duten kolektibo ezberdinen artean elkarbizitza bultzatzeko borondatea duela gaineratu du.

Gune horretako jardueren % 80 kulturari lotuta egongo dira eta % 10, berriz, gurtzara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Jihadismoa hoy Albisteak