Gizartea -
Hiesaren aurkako Eguna
Hiesaren aurrean lasaitzeko arriskuaz ohartaraziko dute gaur eragileek
Gaitzaren aurrean lasaitzeko arriskuaz ohartarazi dute hiesaren aurkako taldeek; izan ere, azken bost urteetan, homosexualen artean % 33 egin du gora kutsatuen kopuruak.
eitb.eus
Xingola gorriak nonahi ikusiko ditugu gaur Euskal Herrian. Xingola gorriak Hiesaren kontrako Nazioarteko Eguna dela gogoratzeko dira, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
30 urte pasa dira Euskal Autonomia Erkidegoan lehen kasuak azaldu eta estatistikak egiten hasi zirenetik. 90eko hamarkadan aldatzen hasi zen joera beltza: 1996an 428 pertsona hil ziren hiesaren ondorioz. 2013an 13 izan ziren hildakoak.
Urte hauetan zientzia eta medikuntza arloan aurrerapauso handiak izan dira, baina gizarte arloan asko dago oraindik egiteko. Irainen eta estigmen aurkako borrokan lan egin behar dela gogorarazi nahi dute erakundeek aurten.
Hiesa heriotzaren sinonimo izatetik gaitz kroniko izatera pasa izanak gure portaeretan ere eragina izan du. Gaitzaren aurrean lasaitzeko arriskuaz ohartarazi dute hiesaren aurkako taldeek. Hala, azken bost urteetan, homosexualen artean % 33 egin du gora kutsatuen kopuruak.
Prebentzio neurriak lasaitu egin dira, batez ere gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonen artean, eta horren ondorioz EAEn gora egin du GIB birusak. 2014an 152 positibo gehiago diagnostikatu ziren, aurreko urtean baino % 6,2 gehiago da.
Test azkarrak
2009az geroztik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako botiketan GIB birusa antzemateko test azkarrak egin litezke. Urte hauetan 18.400 egin dituzte % 1 positibo izan dira. Azterketaren garrantzia azpimarratzen dute elkarteek, baina beldurra dago oraindik ere.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gaur gogoratu nahi du, bestalde, mundu mailan kutsadura kopurua jaisten ari dela azken urteetan eta 2030an jarri ditu begiak, ordurako GIBaren izurria desagertzea da helburua.
Bazterketaren aurkako Estatu ituna eskatu du Gehituk
Bestalde, GIBa duten pertsonen estigmen eta bazterketaren kontra borroka egiteko Estatu itun bat eskatu du Gehituk.
Hiesaren ondorioz ematen den bazterketa ez gertatzeko “politika eraginkorrak” eskatu ditu Gehituk agiri batean. Zentzu horretan, Parisko Adierazpena zabaltzea aldarrikatu du. Izurritearekin bukatzeko konpromiso-sorta hartu zuten mundu osoko alkateek adierazpen horretan.
Aste honetan ekitaldi ezberdinak antolatu ditu Gehituk. Hala, urtero bezala, aldarrikapen eta omenaldi elkarretaratzea egingo du Donostiako Teresa de Calcuta Plazan.
Prebentzio kanpaina martxan jarri du Gurutze Gorriak Nafarroan
Azken urteetan kutsatuen kopuruak gora egin duela ikusita, Gurutze Gorriak kanpaina berria martxan jarri du Nafarroan.
Nahiz eta izurritearen 30 urteetan zehar lorpenak izan, oraindik erronka asko daude, Gurutze Gorriak adierazi duenez. Nafarroan 1.107 pertsona GIBrekin bizi dira, baina birusa duten kutsatuen % 30ek gaixotasunaren eramaileak direnik ez dakite.
Izurritea hasi zenetik 2014ko abendura arte 2.107 kasu diagnostikatu dituzte Nafarroan, Foru Gobernuaren datuen arabera.
Kasu gehienak 80ko hamarkadaren amaieran eta 90koaren hasieran diagnostikatu zituzten. 2000eko hamarkadan joera aldatu eta gaixoen kopuruak behera egin zuen, baina 2012tik aurrera kasu berriek pixkanaka-pixkanaka gora egin dute berriro. 100.000 biztanleko 4,8 kasu berri ziren 2011an; 2014, ostera, 100.000 biztanleko 7,6 kasu ziren.
Azken urteetako kutsatuen gorakada sexu-harremanen ondorio dela uste dute Nafarroan.
Nafarroan lanean ari diren elkarteen arabera, 2010etik 2014r bitartean 192 kasu diagnostikatu zituzten, horietatik % 4 injekzioz kutsatu ziren, % 40 sexu-harreman heterosexualen bidez, % 23 harreman homosexualen bitartez eta kasuen % 27k nola kutsatu ziren ez dakite, baina bide sexuala izan dela uste dute. Ondorioz, kasuen % 90ean sexu-harremanen bidez kutsatu ziren.