Gizartea -

Osakidetza

Urdulizko Ospitalea 2016ko lehen seihilekoan zabalduko dute

148 ohe eta zortzi ebakuntza gela izango ditu. Besteak beste, alergologia eta kardiologia zerbitzuak eskainiko ditu.

Urdulizeko Ospitalea. EiTB
Urdulizeko Ospitalea. EiTB
Urdulizko Ospitalea 2016ko lehenengo seihilekoan izango da martxan

1:06

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urdulizeko (Bizkaia) Ospitalea 2016ko lehen seihilekoan irekiko dute. Zentroak 148 ohe izango ditu, eta osasun zentroa egiteko 59,4 milioi euroko inbertsioa egin behar izan dute.

Jon Darpon Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Uribe Kostako 197.000 bizilagun artatuko dituzte bertan, eta 350 lanpostu sortzea ahalbidetuko du.

Datorren urtean irekitzen denean, Uribeko herritarrek ez dute Gurutzetako Ospitaleraino joan beharko eta gertuago artatuko dituzte. "Horrek nabarmen arinduko du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko laguntza presioa", azpimarratu du Darponek.

Erietxeak 8 ebakuntza-gela, larrialdi zerbitzua eta kanpo kontsultak izango ditu.

Espezializazio medikoak hauek izango dira: alergologia, digestio-aparatua, kardiologia, dermatologia, endokrinologia, hematologia, barne medikuntza, neurologia, onkologia, psikiatria, reumatologia, nefrologia eta neumologia.

Espezializazio kirurgikoak, aldiz, hauek: kirurgia orokorra, digestio-aparatua, tokoginekologia, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta urologia.

Zentroan 578 pertsonak egingo dute lan, tartean 151 medikuk eta 176 erizainek.

Zerbitzu guztiak ez dira berehala pret egongo. Hasieran, kanpo kontsultak, proba funtzionalak, irudien bidezko diagnosiak eta prebentzio-medikuntza arloak zabalduko dituzte.

Ondoren, bigarren seihilekoan, gainerakoak irekiko dituzte, hala nola larrialdi zerbitzuak, endoskopia, anestesiologia, laborategia eta farmazia.

2017ko hasierarako, ospitalea % 100ean egongo da martxan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Zer gertatu da Bizkaian? EAE Albisteak Urduliz albisteak