Gizartea -
Getxo
Fadurako kamerengatik atxilotutako gizonaren etxebizitza miatu dute
Alkateak baieztatu du gizonezkoa ez dela Udaleko langilea, baina ez du argitu azpikontratatutakoa ote den.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Imanol Landa Getxoko alkateak azaldu duenez, Fadurako kiroldegiaren emakumezkoen aldagelan kamerak jartzea egotzita atzo atxilotutako gizonezkoa ez da Udaleko langilea.
Prentsaurrekoan, alkateak "oso positibo"tzat jo du atxiloketa egin izana, "lasaitasun mezua" bidaltzeko. Izan ere, gertatutakoak “alarma” piztu zuen Getxo Kirolak zerbitzuko erabiltzaileen artean.
Landak ez du baieztatu nahi izan gizonezkoa azpikontrata bateko langilea ote den, ezta atxiloketa gehiago egitea espero duen.
Bestalde, Udala prozesu judizialean akusazio partikular gisa zigor pertsonatzea aztertzen ari dela gaineratu du.
Atzemandakoaren etxea miatu dute
Testuinguru horretan, Ertzaintzak gizonezkoaren etxebizitza miatu du ostiral honetan, eta, bertan, material informatikoa eta digitala atzeman du.
Une honetan, auzian pertsona gehiago nahasita ote dauden egiaztatzen ari da Ertzaintza. Hori bai, badirudi grabatutako irudiak ez dituztela Interneten publikatu.
Atxilotutakoa Ertzain-etxean dago, epailearenera noiz eramango zain.