Gizartea -
Gertakaria, Bilbon
Hainbat nigeriar prostituitzera behartzen zituen talde bat, deseginda
Lau lagun atxilotu dituzte eta bost emakume askatu. Polizia Nazionalak egin du operazioa.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak Nigeriako hainbat emakume esplotatzen zituen organizazio bat desegin du; hain zuzen, Bilbon eta Europako herrialde batzuetan prostituitzera behartzen zituen. Lau lagun atxilotu eta bost emakume askatu dituzte operazioan.
Emakumeak budu-yuyu erritualak erabiliz mehatxatzen zituzten, ihes ez egiteko. Nigerian antzematen zituzten, Europan lan egiteko promesa faltsuekin, eta Gironako Lloret de Mar udalerrian eta Bizkaiko hiriburuan prostituzioan jardutera behartzen zituzten, poliziak jakitera eman duenez.
Sareak 50.000-60.000 euro kobratzen zizkien emakumeei, bidaia egiteko; gerora, diru hori prostituzioan jardunez ordaindu behar izaten zuten.
Operazioa Etutu azpiproiektuan dago. Europar Batasuneko egitasmoa da, eta xede du sexu-esplotazioaren biktimak diren Nigeriako emakumeei laguntzea. Belgika eta Norvegiako poliziek ere hartu dute parte.