Gizartea -
Sutea
Langile bat larri zauritu da Orioko enpresa batean piztutako sutean
48 urteko gizonak erredurak ditu aurpegi eta zangoetan eta larri zaurituta eraman dute Gurutzetako Ospitalera helikopteroan. Sutea Orio eta Aia bitartean dagoen Thalasa enpresan piztu da.
Erredakzioa
48 urteko langile bat larri zauritu da Orion arratsaldean enpresa batean sute handia piztu eta gero; langilea zerbait konpontzen ari zela txinparta batek su hartu du lantegian zegoen gasolinarekin eta sua hedatu da enpresara. Enpresak kalte handiak jasan ditu, Herrizaingo Sailak eta suhiltzaileek jakinarazi dutenez.
Sutea Orio eta Aia bitartean (Santiago-Erreka auzoan) dagoen Thalasa enpresan piztu da 17:00 baino minutu batzuk lehenago ezezagun diren arrazoiegatik.
Sutearen ondorioz 48 urteko langileak erredurak ditu aurpegi eta zangoetan eta larri zaurituta eraman dute Gurutzetako Ospitalera helikopteroan.
Suteak kalte material handiak sortu ditu jolas-untziak konpondu eta saldu egiten dituen enpresan; gainera, inguruko lantegi bat eta Orioko arraun kluba ere kaltetu du suak, baina kasu hauetan kalteak askoz ere txikiagoak izan dira.
Ke-laino handia sortu da, eta inguruko etxeetatik 15 bat lagun atera dituzte.
Suhiltzaileek egoera kontrolpean dute, baina sua erabat itzaltzeko nahikoa lan izan dute.