Gizartea -
Udalaren webgunea
Bilbo ere, .eus
Ehunka elkartek eta erakundek egin duten bezala, Bilboko Udalak ere euskararen komunitatearen domeinuarekin bat egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udalak .eus domeinua ezarri du gaur bilbao.net webgunean, PuntuEus Fundazioaren ekimenaren bat eginez, eta, horrela, domeinua bilbao.eus izango da aurrerantzean.
Webgunean ez ezik, helbide elektronikoetan ere aktibatuko du .eus domeinua, eta ondorengo hiru hilabeteetan domeinu biak egongo dira erabilgarri.
Bilboko Udalak gogorarazi duenez, 2007an jaio zen .eus domeinuaren egitasmoa euskara eta euskal kultura egituratzeko asmoz. Ordutik, milaka izan dira euren webguneetan domeinu hori jarri duten elkarte, enpresa eta erakundeak; eitb.eus bera ere, tartean.
"Euskara beste hizkuntzen maila berean jartzeko tresna da .eus domeinua. Euskararen normalizazioan lagungarria izango da, eta nazioarte mailako onarpena ekarriko dio", adierazi du.
Interneteko domeinuen kalitatearen sailkapenean laugarrena da gaur egun .eus. Udalaren esanetan, "euskara Interneten indartzeko oso baliagarria" den tresna da, eta, hori dela eta, "Bilboko Udalak euskarari ematen ari zaion bultzada honekin bat egin nahi du".