Gizartea -
Espainiako datuak
Jende gehiago hil da bere buruaz beste eginda istripuetan baino
Espainiako Estatistika Institutuaren txostenaren arabera, gehienak gaixotasun kardiobaskularren ondorioz hil ziren 2008an. Minbizia eta arnas gaixotasunak daude bigarren eta hirugarren tokian.
Erredakzioa
Lehen aldiz, Espainian, jende gehiago hil da bere buruaz beste eginda zirkulazio istripuetan baino, Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazitako 2008. urteko datuen arabera.
Txostenaren arabera, hildako gehienak gaixotasun kardiobaskularren ondorioz hil ziren 2008an. Minbizia eta arnas gaixotasunak daude bigarren eta hirugarren tokian.
Horrez gain, buruko gaitzak eta nerbio-sistema zentralarekin zerikusia daukaten gaixotasunak dira gehien igo diren arrazoiak.
Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, trafiko istripuetan hil zirenen kopurua %20,7 jaitsi zen 2008an.
Orotara 386.324 pertsona hil ziren Espainian 2008. urtean, aurrekoan baino 963 gehiago.
Hildakoen sexuaren arabera, 186.677 emakume hil ziren 2008an (aurreko urtean baino %1,3 gehiago). Gizonezkoen kasuan, 199.647 hildako izan ziren urte horretan (%0,7 gutxiago).
Gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren nagusi Espainian (heriotzen %31,7 gaixotasun hauen ondorioz etorri ziren). Minbizia (%26,9) eta arnas sistemarekin erlazionatutako gaixotasunak (%11,4) jarraian agertzen diren arrazoiak dira. Zirkulazio istripuetan 3.021 lagun hil ziren orain bi urte (2007an baino %20,7 gutxiago). Horren ondorioz, suizidioek gora egin dute heriotzen arrazoien zerrenda horretan. Orotara 3.421 pertsonek bere buruaz beste egin zuten 2008an.
Erkidegoka, Asturias (1.203), Gaztela Leon (1.092) eta Galizian (1.082) eman ziren hildakoen tasa altuenak. Baxuenak, berriz, Kanariar irletan (653), Melillan (656) eta Madrilen (660) izan ziren.