Gizartea -
Polizioa operazioa
Luxuzko autoak lapurtzen zituen sare bat desegin dute Espainian
Guztira 25 lagun atxilotu dituzte Bilbon, Katalunian eta Madrilgo Autonomia Erkidegoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustez, Espainian luxuzko autoak lapurtzen zituen eta, gero, merkatu beltzean, Paraguain, saltzen zituen sare bat desegin dute Espainian. Aipaturiko sareari 200 ibilgailu inguru ebastea leporatzen diote. Espainiako Poliziak, Esquadra Mossoek eta Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak elkarlanean egindako operazioan, 25 pertsona atxilotu dituzte Bilbon, Katalunian eta Madrilgo Autonomia Erkidegoan.
Espainiako Poliziak eta Esquadra Mossoek ohar bidez jakinarazi dutenez, duela hilabete batzuk hasi zuten polizia operazioa luxuzko ibilgailuen lapurreta kopuruak nabarmen gora egin zuela antzeman ostean. Katalunian bakarrik, gama altuko 125 ibilgailu lapurtu zituztela uste dute. Ondoren, auto horiek itsasoz Paraguaira bidaltzen omen zituzten, merkatu beltzean saltzeko.
Espainian, autoak lapurtzeko, horiek Paraguaira bidaltzeko logistika gestioak egiteko eta dokumentuak faltsutzeko lanak banatuta zituzten sareko kideek. Gainera, lapurretak egiten oso abilak ei ziren; izan ere, ez zuten sarraila behartu izanaren markarik uzten ibilgailuetan.
Paraguain, berriz, autoak jasotzeaz, horiek nazionalizatzeaz, saltzeaz eta dirua Espainiara bidaltzeaz arduratzen ziren.
Guztira, 19 lagun atxilotu dituzte Katalunian (Terrassa, Granollers, Sabadell, Mollet del Vallès, Castellolí, Corbera de Llobregat, Sant Vicenç dels Horts eta Bartzelona udalerrietan) eta beste sei, Bilbon, Madrilen eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko Algete eta San Sebastian de los Reyes udalerrietan.