Gizartea -

Eguraldia

Gabonen atarian, 'bero'

Antizikloi baten eta hego-haizearen ondorioz, sasoi honetan ohikoak diren tenperaturak baino 5-10 gradu altuagoak izango ditugu asteon.

Kontxako badia gaur goizean. Argazkia: Jon Hernandez Utrera
Gabon atarian termometroak 20 gradutan

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduak 15, eta epel joango da eguna; toki batzuetan, bero, akaso. Izan ere, atzotik nagusi den hego-haizeak tenperatura igoarazi ditu, eta Euskalmeten iragarpenaren arabera, sasoi honetarako izan ohi ditugunak baino 5-10 gradu altuago izango dira asteon.

Hori horrela, termometroak 15-20 graduak harrapa ditzake barnealdean, eta 20 graduak aise gainditu kostaldean.

Euskal Meteorologia Agentziak azaldu duenez, fronteak ezin dira Iberiar penintsulara heldu Europa erdialdean eta Mediterraneoan kokatutako antizikloi bat dela eta. Egoera horren ondorioz, hego-haizea gailenduko da gurean, eta zakar ere joko du. Haize horrek tenperaturak igoaraziko ditu, zenbait kasutan ohikoa dena baino 10 gradu gehiago.

Tenperaturek gora egingo dute asteak aurrera egin ahala, eta ostegunean, abenduaren 17an joko dute goia. Kostaldean, 20 graduak gaindituko dira, eta barnealdean, 15 eta 20 gradu artekoak izango dira. Araban, apur bat baxuagoak izango dira, behe-lainoa baldin badago.

Tenperatura minimoak ere nahiko suabeak izango dira: 10-15 gradukoak kostaldean, eta 5-10 gradukoak, barnealdean.

Euri gutxi eta haize-bolada zakarrak

Azken egunetako joerari jarraiki, asteon ez du ia euririk egingo. Gurera heltzea lortzen duten fronteak oso ahulduta ailegatuko dira, eta tantaren bat utz dezakete; gutxi, dena dela.

Haizeak, berriz, gogor joko du, batez ere Bizkaiko haizeguneetan, eta asteartean eta ostegunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Albisteak