Gizartea -

Indiako ozeanoan

Euskal atunontzi batek eraso pirata batetik ihes egin du Kenyan

Albacan atunontzi bermeotarra Kenyatik 350 miliara zegoen tiro egin diotenean. Piratek granada bat jaurti diote, baina ez da inor zauritu. Ontzian segurtasun pribatua daukate.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albacora enpresaren euskal atunontzi batek piraten erasoa jasan du, baina ihes egitea lortu du. Gertakaria Keniako kostaldetik 350 miliatara jazo da. Piratek granada bat jaurti dute eta tiroketa bat izan da, baina, zorionez, ez da zauriturik izan.

Ricardo Garcia Albacora enpresako arduradunak azaldu duenez, erasoa 08:00ak aldera gertatu da, "tripulazioak piratek erabili ohi duten ontzi bat ikusi dutenean, 6-9 metro luzerakoa, plastikozkoa eta zuria". Une horretan, Bermeoko atunontziak piraten erasoei aurre egiteko protokoloa jarri du abian: marinelak gela seguruetan ezkutatuta dira eta ihesari eman diote. Aipatzekoa da armatutako zaindariak dituela atunontziak.

Tiroketa pirata eta zaindarien artean

Handik gutxira tiroketa bat izan da erasotzaileen eta segurtasun pribatuko kideen artean. Erasoaldian piratek granada bat jaurti dute eta ontzia jo du. Ricardo Garciak zehaztu duenez, ontziaren kroskoan zulo bat egin du eta sutea piztu da, baina marinelek sua azkar itzaltzea lortu dute. Gauzak horrela, Bermeoko ontziak inor zauritu gabe ihes egitea erdietsi du. Bi ordu geroago ohiko jarduerari ekin diote berriro, beste zonalde batean. "Garrantzitsuena da inork ez duela minik hartu, segurtasun-neurriak baliagarri izan direla eta erasoari aurre egin zaiola", azpimarratu du.

Bi bahiketa saiakera

Albacora enpresak 1984. urtetik arrantzatzen du Indiako ozeanoan, bost atunontzi ditu eta laguntzarako beste hiru ontzi.

Enpresa honek pirata somaliarren bi bahiketa saiakera pairatu ditu: 2009ko irailaren 9an ''Intertuna II'' ontzia bahitzen ahalegindu ziren; eta 2009ko urriaren 30ean, ''Iria Flavia''.

Espainiak beste ontzi militar bat bidaliko Somaliako kostaldera

Carme Chacon Defentsa ministroak gaur jakinarazi duenez, Espainiak 100 lagunekin osatutako beste ontzi militar bat bidaliko du Somaliako kostaldera, piraten erasoak eta bahiketak ekiditeko asmoz. ''Atalanta Operazioa''ri (Indiako Ozeanoan pirateriaren aurka borrokako egiteko ardura dauka) Europar Batasunak gaur emandako agindua da.

"Espainiak 100 efektiboz osatutako beste ontzi militar bat bidaliko du Somaliako kostaldera; egun Espainiak fragata bat hegazkin bat ditu bertan", adierazi du Chaconek Bruselan, Europako Parlamentuko Defentsa Batzordean agerraldia egin aurretik.

Aipatu ontzia martxoaren lehen erdialdean aterako da Somaliara bidean, kostalde hartako portuak zaintzeko eta kontrolatzeko, izan ere, handik ateratzen dira piratak.

Bestalde, ''Albacan'' atunontziko tripulazioko kide guztiak "ondo" daudela baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea