Gizartea -

Eguraldia

Udaberria, neguaren atarian

Larunbat honetan aste guztiko tenperatura altuenak izango ditugu (23 ºC-koak kostaldean). Hortik aurrera, beherantz egingo dute termometroek, baina balio atseginetan jarraituko dute.

Giro atsegin honekin, hondartzatik osteratxoa egin dute askok. Argazkian, Zurriola (EFE)
Giro atsegin honekin, hondartzatik osteratxoa egin dute askok. Argazkian, Zurriola (EFE)

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 22an, 00:03an, hasiko da ofizialki negua, baina sasoi horretako eguraldia barik, udaberriko giroarekin hasiko da, azken egunotako joerari jarraiki. Horrela aurreikusi du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak behinik behin.

Gaur, hego haizearen eraginpean jarraituko dugunez, giroa egonkorra eta epela izango da. Goiz partean hodeiak gailenduko dira zeruan, baina eguerditik aurrera desegiten joango dira, eta arratsaldean ostarteak geroz eta zabalagoak izango dira. Hegoaldeko haizea bizi ibiliko den arren, atzo baino ahulago sartuko da. Epeletik jarraituko du: ipar partean, berdin jarraituko du baina hegoaldean tenperatura atzokoa baino 2-3 ºC altuagoa izango da.

Larunbatean udaberri itxurako giroak jarraipena izango du. Zerua hodei gutxirekin egongo da, soilik garrantzi gutxiko goi-hodei fin batzuk sartuko dira arratsalde partean. Hegoaldeko haizea harrotu egingo da berriro ere, eta tarteka, zakar joko du. Tenperaturak gora egingo du Kantauri isurialdean, eta maximoak 22-23 ºC ingurukoak izango dira; hegoaldean, aldiz, apur bat jaitsi liteke, bereziki Ebro bailaran, bertan behe-lainoa sortuko baita.

Igandean tenperatura jaitsiko da, eta euri apur bat egingo du. Fronte hotz batek lurraldea zeharkatuko du, eta arratsaldean zehar, han-hemenka, euri apur bat egin dezake. Goizean, aldiz, giro argiagoa eta gozoa izango dugu, ostarteekin. Haizeak goizean hego/hego-mendebaldetik joko du, bolada gogorrekin, arratsaldean indarra galduko du, eta Kantauri isurialdean tarteka mendebal-osagaia nagusituko da, kostaldean bereziki. Tenperatura dezente jaitsiko da, baina atsegina izaten jarraituko du (maximoak 18º ingurukoak izango dira kostaldean, eta 13º-koak, barnealdean).

Astelehenean, San Tomas egunean, eguzkia eta tenperatura epelak izango ditugu lagun. Joeraren arabera, gainera, eguraldi honek segida izango du asteartean ere. Ordurako, baina, negu gorrian egongo gara.

Abisu horia haizeagatik

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak haizeagatik abisu horia ezarri du Bizkaian eta Gipuzkoan larunbaterako. Baliteke hego-osagaiko haize boladek 100 kilometro orduko abiadura gainditzea haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan.

Baso-sute arriskuagatik ere ezarri du abisu horia ostiralerako eta larunbaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
San Tomas eguna Donostian Eguraldia argazkiak Eguneko albisteak Negua