Gizartea -
Gertakaria
Sute batek enpresa baten biltegia kiskali du San Adrianen
Sei parkeetatik etorritako 20 suhiltzaile eta hamar ibilgailu ari dira sua itzaltzeko lanetan.
EITB.EUS
Sute handi bat izan da Iberembal enpresak San Adrianeko industria-gunean duen biltegian eta, inork min hartu ez badu ere, kalte handiak eragin ditu. Orotara, Lodosa, Peralta, Lizarra, Tutera eta Cordovillako suhiltzaileak ari dira sua itzaltzeko lanean. Sua hartu duen enpresa kontserba-latak eta bilgarriak egiten dituen enpresa bat da.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, galerak oso handiak dira, biltegiak bero handia hartu du eta barruan gordetzen zituen latak eta kontserbak kiskaltzeaz gain, sabaia behera etorri da. Sua kontrolpean badute ere, Gobernutik jakinarazi dutenez, egun guztian lanean jarraitzea aurreikusten dute.
SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroak 23:18 aldera jaso du sutearen berri eta Lodosako suhiltzaileei eman die abisua. Kontserba-latek duten bernizaren ondorioz, azkar hedatu da sua biltegi guztian zehar.
Lodosako suhiltzaileen ondoren, Peralta, Lizarra, Tutera eta Cordovillakoak joan dira. Orotara, 20 suhiltzaile eta 10 ibilgailu aritu dira lanean. Sutea piztu denean, pertsona bat zegoen bulegoetan lanean, baina sutea piztu den biltegitik urrun daude bulegoak eta, beraz, arazorik gabe irten da enpresatik.