Gizartea -
Eguberriak
Olentzero Gasteizen izango da gaur, ilusioa banatzeko prest
Goizean, Olentzerok haurrak hartuko ditu udaletxean, 10:00etatik 15:00etara. Kalejira Iparralde gizarte etxean hasiko da 18:00etan.
E. Lotina | eitb.eus
Olentzero ostegun honetan helduko da Gasteizera ilusioa banatzeko prest. Ikazkin ezagunak ibilbidea egingo du Arabako hiriburuan, Udalak Eguberrietako Kultur Egitarauan jakitera eman duenez.
Kalejira Iparralde gizarte etxean hasiko da 18:00etan, eta Legutioko atea, Frantzia kalea, Bake kalea eta Olagibel kalea zeharkatuko ditu, Espainia plazan amaitzeko.
Olentzerok udaletxeko balkoi nagusitik agurtuko ditu bertan biltzen direnak, eta haren kanta abestuko dute guztien artean, 19:00etan.
Folklore Akademiak, Arabako Dantzarien Biltzarrak, Olabide ikastolak eta Indarrak parte hartuko dute ibilbidean. Agrolasa laguntzaile izango dute.
Ordu batzuk lehenago, goizean, Olentzerok haurrak hartuko ditu udaletxean, 10:00etatik 15:00etara.
Bestalde, Olentzeroren postontzia zabalik egon da abenduaren 14tik, umeek euren gutunak bertan sar ditzaten. Postontzia bihar itxiko dute.