Gizartea -

Gertakaria

Sei lagun ospitalera, Lezoko enpresa bateko sutean kea arnastuta

Sutea Amcor enpresako makina batean hasi da. Paperezko eta arte grafikoetako artikuluak egiten ditu konpainia horrek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei lagun ospitaleratu dituzte asteazken arratsaldean, Lezoko enpresa bateko sutean kea arnastu ondoren. Gipuzkoako udalerri horretako 103 industrialdeko enpresa batean jazo da sutea, Segurtasun Sailak eta Suhiltzaileek jakinarazi dutenez.

Arratsaldeko laurak jota piztu da sutea, Amcor enpresan. Paperezko eta arte grafikoetako artikuluak egiten ditu konpainia horrek, mantentze-lanak ari ziren egiten bertan sua piztu denean.

Suhiltzaileak bertaratu direnean, sutea itzalita zuten langileek eurek, tutu malguak eta su-itzalgailuak erabiliz, Hortaz, lekua berrikusi eta aireztatu dute, hori besterik ez; izan ere, ke ugari zegoen oraindik.

Donostia eta Irun

Kea arnastuta ospitaleratu dituztenen 6 lagunetatik bi Donostia Ospitalera eraman dituzte, beste bi Poliklinikara, Donostian ere, eta gainerako biak Irunera, Bidasoako Eskualde Ospitalera.

Dirudienez, sutea makina batean sortu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Suteak bideoak