Gizartea -
Bizkaia
7 atxilotu Bilbon, hainbat liskarretan parte hartzea egotzita
Aurrekari polizialak eta 36 eta 47 urte bitartean dituzten sei gizonezko eta 43 urteko emakumezko bat dira atxilotuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei gizonezko eta emakumezko bat atxilotu dituzte Bilbon, hainbat liskarretan parte hartzea, kalte materialak eragitea eta Polizia agenteei desobeditzea egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak berri eman duenez. Atxilotutako gizonak 36 eta 47 urte bitartekoak dira eta aurrekari polizialak dituzte; emakumeak, ostera, 43 urte ditu.
Ostiral goizean, San Antongo zubian izandako istiluen berri jaso zuen Ertzaintzak eta gertakarien tokira bertaratutako ertzainak auto bateko bi bidaiariren eta hiru oinezkoren arteko eztabaidaren lekuko izan ziren. Oinezkoen testigantzaren arabera, autoa oinezkoak harrapatzen saiatu zen. Autoko bidaiariek, ostera, egun batzuk lehenago horietako bati jipoia ematea leporatzen zien oinezkoei.
Liskarrean inplikatutako pertsona guztiak identifikatu ostean, beren eskura zituzten baliabide legalen berri eman eta egoera okerrera joan aurretik bertatik alde egiteko gomendatu zien Ertzaintzak. Dena den, ertzainek beste hirutan joan behar izan zuten Bilbo Zaharrera pertsona horien arteko liskarrak tarteko. Gainera, bi taldeetako kideek heriotza mehatxuak egin zizkioten elkarri.
Azkenean, eguerdia baino lehen, beste sesio bat izan zuten eta kalte materialak eragin zituzten Urazurrutia kaleko atari batean, botilak jaurti zituzten eta lesioak eragin zituzten. Horrenbestez, liskarretan nahasitako zazpi lagunak atxilotu zituen Ertzaintzak.